Urtekaria 2022

Indarkeria matxistari aurre egiteko lanketak

Ataria 2023ko urt. 2a, 14:00

Bidania-Goiatzen bi urtez aritu dira Indarkeria Matxistaren Kontrako Protokoloa lantzen eta irailean eman zuten emaitzaren berri. Villabonan indarkeria matxistaren aurkako gida aurkeztu zuten uztailean.

Bidania-Goiatzen irailean aurkeztu zuten ia bi urtez landu duten Indarkeria Matxistaren Kontrako Protokoloa, eta Albizturren berriz urrian emango zuten ezagutzera. Esku orriak etxez etxe banatu zituzten eta bideo bat ere prestatu zuten herritar guztiengana iristeko helburuarekin.

Ia bi urteko lana izan da protokoloa bera osatzea. Lanketa egiten eta dinamizatzen Farapi elkarteak lagundu die. Ertzaintza, Osakidetzako lehen arretako medikuak, abokatuak, emakume elkarteak,... izan dituzte gonbidatu, eta horiez gain herritarrak animatzen zituzten saio ezberdinen parte hartzera.


Hitz «potoloa» suertatu ohi da protokoloa, baina Saiazetik ez dute kaxoian geratzerik nahi, «erabilgarria eta praktikoa» izatea du helburu.

Urteetako lanaren ostean, sentsibilitatea sumatu du Elena Rikondo teknikariak, «gerturatzeko, gauzak esateko, komentatzeko, nola errespetatzen diren gauza sinbolikoak...». Etorkizunera begira ere, gaztetxoekin lanketa handia egiten ari direla azpimarratu zuen Elena Rikondo teknikariak.

Bestalde, Villabonako Garagardo Azokaren eta Santio jaien bezperatan aurkeztu zuten indarkeria matxistaren aurkako gida. Honela, festen barruan eraso matxistaren bat gertatuko balitz jarraitu beharreko pausoen berri ematen zuen kartel eta pegatinak zabaldu zituzten talde feministek eta udalak.

Akain eta Lurgatz talde feministek, Amasa-Villabonako Udalaren laguntzaz, indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa prestatu zuten herriko jaietarako. Emakumeen, nesken eta hetero arautik kanpoko genero identitatea edota sexualitatea duten pertsonen duintasunari, estimuari eta osotasun fisiko edo materialari kaltea eragiten dieten portaerak, jokabideak eta ekintzak definitu zituzten indarkeria matxistatzat, eta eraso horiei «inolako tolerantziarik gabe eta irmotasunez» erantzungo zietela azpimarratu zuten.


Eraso bat jasan, eraso bat ikusi edo eraso baten berri izan dutenei eman beharreko pausoak zehaztu zituzten aipatu gidan. Jai egunetan gainera, mugimendu feministako kide diren hainbat emakumek besoko morea eramango zuten, eraso egoeratan erreferentziazko pertsonak izango ziren hauek.





Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!