Urtekaria 2022

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea bidean

Ataria 2023ko urtarrilaren 2a

Andragora etxearen irudia egin du Oihana Pelaezek.

Andragora Etxearen lanen lehen fasea 2023ko urtarrilerako prest izatea aurreikusten du Tolosako Udalak; logotipoa jada aukeratu dute.

Tosaldeko Emakumeen Etxea elkarlanean zehazteko partaidetza prozesua amaituta, ekainaren 14an hasi zituzten Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxea, eraikitzeko lanak. Tolosako Inpernu kaleko 5, 7 eta 10 zenbakietako lokaletan eraikiko da, elkarren ondoan dauden bi lokaletan. Era berean, lokalak egokitzeko eta bertako plaza eraberritzeko obrak ere hasi ditu Tolosako Udalak.

Guztira, 600 metro koadro izango ditu etxeak eta hainbat espazio: harrera-gunea, egongela, areto nagusia, askotariko gelak, bilera gelak, bulegoak... espazioa erakargarriagoa egiteko, kanpoaldeko itxura eraberrituko dute eta bateratasuna emango die, material berdinak erabilita, bi lokalei zein kanpoko plazari. Espazio malgua izango da, erakargarria eta irekia, askotariko erabileretarako. Espazio txiki zein pribatuak ere izango ditu.

Lanak faseka egingo dituzte. Lehenik aurreko lokala egokituko dute eta 2023ko urtarrilerako prest izatea aurreikusten dute. Ondoren, atzealdeko lokala eta plaza eraberritzeko lanak egingo dituzte, eta, aurreikuspenen arabera, hauek otsailerako amaituko dituzte.

Urbycolan SL enpresak egingo ditu lanak eta zortzi hilabeteko iraupena izango dute. Obrak 597.709,22 euroko aurrekontuarekin esleitu dira (BEZ barne). Aldi berean, altzarien horniketari dagokion esleipena abiatu du udalak, 85.000 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).

Logotipoa lehiaketa bidez

Oihana Pelaezen diseinuak irabazi du Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeko irudia aukeratzeko lehiaketa. Diseinuaren «indar grafikoa, originaltasuna eta kalitatea» nabarmendu ditu epaimahaiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!