Hilabeteak joan dira eta badirudi, normaltasunera itzuli garela, edo bide horretan ari garela behintzat, baina atzera begiratuta aurpegiak maskarekin estalita eramaten genituen argazkiak topatuko ditugu, txertaketa agiriak erakusteko betebeharra edota debekuak. Debeku horien aurrean ekitaldi jendetsu asko geratu ziren bertan behera, esaterako, garai honetan ohikoak dira Olentzero eta Mari Domingiren kalejirak, esaterako.
Muga eta debeku horietan surfeatzen ari ginela, olatuak gaina hartu zigun eta Eusko Jaurlaritzak erne jarraitzeko eskatu zion gizarteari. Otsailean Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan zuen COVID-19a hesitze aldera ezarritako osasun larrialdia bertan behera geratuko zela eta ezarritako murrizketa gehienak ere arindu egingo zirela, baina izurria kontrolpean izateko pentsatutako zenbait neurrik, ordea, indarrean jarraituko zutela.
Horiek horrela 100.000 biztanleko 400 kasuko intzidentzia metatua gainditzen zuten udalerriek ezin zuten ekitaldi jendetsurik egin. Hain justu, egun gutxi batzuk lehenago iragarri zuen Tolosako Udalak inauteriak ospatuko zirela. Jaurlaritzak emandako aholkua ikusita inauteriak ospatuko ote ziren denen ahotan zegoen galdera zen. Hasieratik esan zuten inauterien ohiko egitaraua ezingo zela bere horretan mantendu, baina inauteriak ospatu, ospatuko zirela. Eta horrela izan zen. COVIDari lotutako mugak lausotu dira jada, eta maskarak eta ziurtagiriak atzean utzi ditugu 2022an.