Urtekaria 2022

Eskualdeko osasun zerbitzua

Ataria 2023ko urt. 1a, 14:00

Lehen arretako medikuek egindako mobilizazioetako bat.

Asuncion Klinikako enpresa batzordeak (ELA eta LAB) otsailean salatu zuen Barne Medikuntzako Unitatea desegin zuela ospitaleko zuzendaritzak. Langileek gogorarazi zutenez, azken hiru urteetan, Zainketa Intentsiboetako Unitatea, Anestesia eta Traumatologia zerbitzuak desegin ditu zuzendaritzak.

«Zenbaitetan, profesionalen joan-etorria ikaragarria izaten da, eta Hematologia zerbitzurik gabe dago eskualdeko ospitale bezala funtzionatzen duen klinika, honek eragiten duen segurtasun faltarekin», gaineratu zuten. Hiru medikuk eta geriatra batek osatzen zuten Asuncion Klinikako Barne Medikuntzako Unitatea. «Ospitalerako ezinbesteko zerbitzua ematen zuten, askotariko patologiak zituzten pazienteak artatzen baitziren. Hurbileko, eta tamainaz antzekoak diren beste ospitale batzuetan, Debagoienan esaterako, zazpi medikuk eta zerbitzuburuak osatzen dute». Zerbitzu hori ixteak zenbait ondorio ekarri dituela adierazi zuten: «Zerbitzu honetako medikurik gabe, beste zerbitzuetako profesionalak ari dira hutsune hori betetzen, ez dagozkien lanak eginez eta euren zerbitzuen kalitatea gutxituz».

Bestetik, ospitaleko zuzendaritzak bere interesen alde egin duela azaldu zuten. «Pandemia garaian, osasun langileen beharra gorakada nabarmena izaten ari denean, medikuak alde batera uzteak erakusten digu zuzendaritzaren helburua ez dela Tolosaldeko herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzea, enpresaren irabaziak gizentzen jarraitzea baizik. Behin baino gehiagotan salatu dugu ospitale honetako zuzendaritzak zenbaki eta lan-denboratan jarri duela arreta osoa, pertsonen asistentzia-kalitatean jarri ordez». Horrekin batera, zuzendaritzarentzat langileen lan baldintzak «ez direla lehentasuna» aldarrikatu zuten. «Desegindako zerbitzu horretako medikuek adierazi zuten onartezina zela kalitatezko laguntza eskaintzea, beregain hartu beharreko lan kargekin. ELAk eta LABek behin baino gehiagotan salatu dugu eskualdeko ospitalearen funtzioak beregain hartu dituztela, baina beste eskualde batzuetako ospitale publikoetan baino langile gutxiagorekin eta baldintza okerragoetan. %95a baino gehiago Osakidetzako pazienteak izan arren, ez zaigu gure lana aitortzen».

Facua kontsumitzaileen elkarteak salaketa jarri zuen gainera martxoan, Kontsumobiden Gipuzkoako zortzi ospitale eta osasun zentrok ez zutelako legeak derrigortzen duen bezala, eurekin harremanetan jartzeko doako telefono zerbitzua. Zortzi zentro horien artean zeuden Asuncion Klinika eta Tolosako Belateko osasun zentroa. Elkarteak Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Institutuan salaketa jarri zuen eta baita Espainiako Kontsumoaren Zuzendaritza Orokorrean ere. Facuak gogoratu zuen legeak zehazten duela oinarrizko zerbitzua eskaintzen den kasuetan, zerbitzua ematen duen enpresak telefono bidezko doako arreta eskaini behar duela.

Eta bien bitartean, Inviza enpresako, hau da, Asuncion Klinikako langileek, 2021etik hitzarmenik gabe jarraitzen zutela salatu zuten uztailean lehenik eta azaroan gero. Salatu zuten aurreko hitzarmenarekin gertatu moduan, «negoziazioak ez dira fede onez egin, eta enpresaren helburu bakarra negoziazioak luzatzea» dela. Aurrekoan, bost urte behar izan zituztela argitu zuten, era berean. Langileen erosteko ahalmena bermatuko duen hitzarmena negoziatzeko benetako borondatea izan dezala eskatu zioten enpresari. Horrez gain, esan zuten ez dietela soldata-igoerarik bermatzen KPIaren erreferentziarekin, eta planteatutakoarekin gero eta langile pobreagoak nahi dituztela. Orain artean, 2021eko %6,5eko KPIa eta 2022ko %7,3 kontuan hartuta, «%13,8 galdetzen ari gara», nabarmendu zuten langile ordezkariek. Ospitale berriaren inguruko zalantzak azaldu zituzten ere: «Plan Funtzional horren edukiaren berririk gabe jarraitzen dugu eta ez dakigu zer ospitale mota izango den, eta bertako 328 langileekin zer gertatuko den».

Asuncion Klinikako langileekin batera, lehen arretako langileek aurreko urteetan abiarazitako protestekin jarraitu zuten 2022a hasi berritan. Osasun zerbitzuko lehen arreta «itolarrian» dagoela salatzeko eta Osakidetzari neurriak hartzeko elkarretaratzeak egin zituzten urtarrilean osasun zentroetan. Sindikatuek deitu zituzten elkarretaratzeak, Osakidetzaren «gainkarga eta utzikeria» salatzeko. Lehen arreta egoera larrian dagoela, eta «aurreko olatuaren bukaeran bota zituzten 4.000 langileak berriz ere kontratatzeko» eskatu zuten elkarretaratzean bildu zirenek. Tolosan eta Villabonan egin zituzten bilkurak Abenduan ere egin dituzte elkarretaratzeak eskualdeko anbulatorioetan osasun publikoaren alde.

Uda hastearekin beste murrizketa baten berri izan genuen; eskualdeko 11 herritako kontsultategiek ez zuten zerbitzua eskainiko udan eta Tolosaldeko ESI-ko barruan dagoen Andoaingo osasun zentroaren ordutegia ere murritzagoa izan zen irail erdialdera arte. Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra deitzeko eskatu zuen EH Bilduren talde parlamentarioak, Gotzone Sagardui sailburuari eta Osakidetzako arduradunei Osakidetzaren egoerari buruzko azalpenak eskatzeko, eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiak esan zuen ez zuela «premiarik» ikusi gaiari heltzeko, eta Sagarduiren erantzuna idatziz iritsi zen Legebiltzarrera. Idatzizko erantzun horren arabera, hamalau zentro ez ziren irekiko uda garaian eta horietatik 11 Tolosaldeko ESI erakunde sanitarioan integratutako zentroak ziren; ekainaren 22tik irailaren 22ra bitarte egon ziren itxita, eta Jaurlaritzaren hitzetan, «astean ordubetez edo bi orduz zerbitzua» eman ohi duten zentroak ziren gehienak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!