Kirola eta elkartasuna bat eginez, urteari amaiera emateko

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 29a, 17:00
Ibarrako Urtezahar Kroseko antolatzaileek deialdia egin diete korrikalariei parte hartzeko.

Alegia, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Lizartza, Tolosa eta Villabona-Zizurkilen egingo dira krosak, eta horietako hirutan bildutakoa elkartasun ekintzetara bideratuko da.

Urtearen amaiera iristen ari da, eta eskualdean badaude hainbat aukera kirola eginez agur esateko urteari. Guztira Urtezaharreko sei kros antolatu dira, eta horrez gain, Asteasuko Elkartasun Krosa bihar egingo dute. Kirolaz gain, elkartasunak ere bere lekua izango du Tolosako eta Ibarrako krosetan.

Alegiako San Silbestre krosak hamaikagarren edizioa izango du aurtengoa, eta hainbat berrikuntza izango ditu. Alde batetik, goizez egingo da. 11:00etan hasiko dira lasterketak eta ordutegiaz gain, irteera eta helmuga ere aldatu egingo dira ibilbidearekin batera. Eskola parean hasi eta amaituko dira haurren zein helduen lasterketak. Ez da sailkapenik osatuko eta parte hartzaile guztien artean hainbat opariren zozketa egingo dute. Lasterketen amaieran parte hartzaile guztiek hamaiketakoa izango dute. Lasterketaren egunean bertan izango da izena emateko aukera, eskolan, 09:30etik 10:30era.

Berastegin Urepele Elkarteko XIX. Urtezahar Krosa egingo da. 18:00etan hasiko da eta lehenengoak parte hartzen 2016tik aurrera jaiotakoak izango dira. 2010etik 2015era jaiotakoek 18:15ean parte hartuko dute, eta 2009tik behera jaiotakoek 18:30ean. Lehen bi probetakoek izen ematea 5 euro ordainduko dute aurretik, eta 7 euro irteeran; proba nagusikoek, berriz, aurretik 6 euro eta 8 euro irteeran. Marka hausten duenak, neska zein mutil kategorian, urdaiazpikoa jasoko du.

Ibarrako IX. Urte Zahar Krosaren berezitasuna izen ematean izaten da. Diruaren ordez, elikagaiak emateko eskatzen dute. Ondoren, bildutakoa Elikagaien Bankura bideratzen dute. Parte hartzaile bakoitzeko elikagai poto edo pakete bat eman behar da. Bihar arratsaldez aukera izango da izena emateko, herriko plazan, 17:00etatik 20:00etara. Larunbatean, 15:00etatik 16:00etara izango da aukera. Haurren lasterketak 16:00etatik aurrera egingo dira eta helduena 16:30etan hasiko da. Ez da sailkapenik izango, eta helduen mailako parte hartzaileek zozketan parte hartzeko aukera izango dute, bakoitzak bere dortsalaren zenbakiarekin.

Lizartzako San Silbestre Krosa batez ere herritarrei bideratutako proba izaten da. 16:30ean izango da haurren lasterketa eta 17:00etan helduena. Ez dago izena eman beharrik parte hartzeko, nahikoa da parte hartu behar duenak plazara azaltzea. Otsabio Kirol Elkarteko jantziekin joateko deia egin dute antolatzaileek. Lasterketen ondoren txokolatea hartzeko aukera izango da.

KROS BETERANOENA

Eskualdeko Urtezaharreko kros beteranoena Villabonako Zunbeltz eta Zizurkilgo Urkamendi elkarteek antolatzen dutena da, aurtengoan XXXVII. edizioa izango baita. Helmuga herri batetik bestera aldatzen da urtez urte, eta aurtengoan Villabonan izango da, Txermingo ikastolaren parean. 15:30ean hasiko dira haurren probak, eta 16:30ean izango da proba nagusia. 15 urte bitartekoek egunean bertan Zunbeltz elkartean eman beharko dute izena, eta proba nagusikoek Herrikrosa.eus webgunean. 15 euro ordaindu behar dute proba nagusian parte hartuko dutenek.

Tolosako XXIV. Elkartasun Krosa ere Urtezahar egunean egiten da. Samaniego eta Orixe Herri Ikastetxeetako kirol batzordeek antolatzen dute, eta bildutako dirua Kokuyo elkarteari bideratuko diote. 15:30ean hasiko dira haurren probak, eta helduena 16:30ean izango da. Dortsalak Shanti kirol dendan eskuratu ahalko dira, 8 euroan helduentzat eta 5 euro kadeteentzat. Egunean bertan 12 euro ordaindu beharko da. Probaren amaieran hainbat opari zozkatuko dira.

Asteasuko Elkartasun Krosa Eguberrietan egiten da eta ez du data zehatzik. Aurtengoan bihar, abenduaren 30ean, egitea erabaki dute. 16:30etik aurrera hasiko dira haurren lasterketak eta helduena 17:00etan izango da. Izen ematea plazan bertan egingo da, eta haurrek euro bat ordainduko dute eta helduek bost euro. Jasotzen den dirua El Salvadorreko Segundo Montes komunitatera bideratuko da Euskal Fondoa elkartearen bitartez. Probak bukatzerakoan merienda eta zozketak izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!