Herrikidek Gipuzkoako Kopako finala jokatuko du, ostiralean, Ibarran

Ataria 2022ko abenduaren 28a

Tolosako areto futbol taldeak Oiartzun KE-ren aurka jokatuko du Ibarrako Belabieta kiroldegian, 19:30ean.

Pasa den ostiralean jokatu zuen Herrikidek Gipuzkoako Kopako finalerdia, Azkoitiko Ttakun taldearen aurka. 3-0 irabazi zuen Tolosako taldeak; ondorioz, festa handia bizi ahal izan zuten. Gainera, jarraitzaile ugari bildu zen Herrikide ikastetxeko (Eskolapioak) kantxako harmailan. Gogotsu kantxaratu ziren Herrikideko jokalariak, eta lehen minutuetan norgehiagoka parekatua izan zen. Etxekoek, ordea, aukera argiagoak izan zituzten, eta azkenean, aurretik heldu ziren atsedenaldira: 1-0.

Herrikide oso ondo ari zen jokatzen. Minutuek aurrera egin ahala, bi gol gehiago lortu zituzten laranjakoek 3-0ekoa jarriz. Emaitza ikusita, presio handiagoa ezarri zuten azkoitiarrek, markagailuari buelta eman nahian, eta aukera argiak izan zituzten, bukaeran batik bat. Lehen minututik azken minutura erakustaldi handia eskaini zuten bi taldeko jokalariek.

Amaiera ezin hobea izan zen Herrikiderentzat, hainbeste espero zuten finalerako txartela lortuz. Herrikideko jokalari eta ordezkariek eskerrak eman dizkiete finalerdia ikustera joan ziren zaleei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!