Irrika aisialdi taldeak urtea agurtzeko festa antolatu du

Jon Miranda Labaien 2022ko abe. 28a, 15:00

Villabonako Txistulari plazan larunbatean egingo du festa 11:00etatik 13:30era; gaztetxoek urtea beste modu batera agurtzea da helburua.

Hezkuntza formaletik aparteko eremuan errespetuan eta elkarkidetzan oinarritutako aisialdi eredua bultzatzen du urrian aurkeztu zen Aiztondoko Irrika aisialdi taldeak. Urtea ere gisa horretara amaitu nahi dute eta horretarako bailarako haur eta gazteentzat festa antolatu dute  abenduaren 31n Villabonako Txistulari plazan.

Urteari amaiari beste modu batera eman nahi diotela esan du Nekane Aizpun aisialdi taldeko kideak: «Urtezahar eguna gehiegikeriarekin lotu izan da maiz, gehiegi jan eta edatearekin, kotilioi eta parranda handiekin. Guk urteari beste bukaera bat eman nahi diogu eta aditzera eman haurrek modu osasuntsuan ospatu dezaketela festa hori, irriekin eta alaitasunarekin». 11:00etan hasiko da festa eta amaieran, 13:30 aldera, urte bukaera 12 kanpaikadekin bukatuko dute, aurreratu dutenez, «modu berezi eta dibertigarrian».

Aurretik, ordea, bestelako ekitaldi batzuk izango dira Txistulari plazan. «Bi horma irudi margotuko ditugu, batean 2022ko momentu politenak jasoko ditugu eta bestean datorren urterako dauzkagun irrikak», esan du Aizpunek. Mugimendu jolasak ere izango dira eta Irrika taldearen aurkezpen ekitaldian bezala talo tailerra egingo dute larunbatean. Ekintza honetan parte hartzeko aurrez eman beharko da izena, gainerako ekitaldi guztiak irekiak eta doakoak izango dira, bailarako ume eta gazte guztientzat.

Berriki, aisialdi taldearen materiala jarri dute salgai: kamisetak eta jertseak. Azkeneko aleak salgai jarriko dituzte larunbateko festan. «Gure irudia zabaltzen laguntzeko balioko du, eta bide batez aisialdi taldea laguntzeko». Goiz osoan zehar, gainera, txartelak saldu eta eguerdian sariak zozkatuko dituzte: Hika txakolindegirako bi pertsonentzako menua eta Urbileko CostaJumperako sarrerak. Honenbestez, aisia modu ezberdinetara bizi daitekeela erakutsiko du larunbatean Aiztondoko taldeak Villabonan.

Hasiera indartsua

Urriaren 12an eman zuten ezagutzera Aiztondoko Irrika aisialdi taldea eta erantzuna «sekulakoa» izan dela aipatu dute taldeko arduradunek. 8 eta 16 urte arteko 125 gaztetxok eman dute izena hamabostean behin antolatzen dituzten ekitaldietan. Gehienak Villabona eta Zizurkilgo ume eta gazteak dira.

Ostegun, ostiral eta larunbatetan biltzen dira gaztetxoak Villabonako espazio ezberdinetan eta era ezberdinetako jolasak egiten dituzte. Horrekin batera, bailarako ume guztientzat irekiak diren beste hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte hilabete hauetan: EITBko maratoian parte hartu zuten bideo bat grabatuta eta duela gutxi egun osoko irteera egin zuten Adunara. Aurrera begira beste hainbat ekimen ere baditu buruan Irrikak eta horiek prestatzen buru belarri lanean dabil 22 begiralez osatutako taldea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!