Altuna III.a eta Tolosarentzat beste puntu bat

Ataria 2022ko abenduaren 26a

Xabier Tolosa, Binakako Pilota Txapelketan.

Peña II.a eta Mariezkurrena II.aren aurka 22-15 irabazi dute. Jakak eta Arangurenek galdu egin dute Ezkurdia eta Martijaren aurka.

Binakako Pilota Txapelketaren bosgarren jardunaldia amaitu da eskualdeko pilotarientzat, eta lehen mailakoan Altuna III.ak eta Tolosak bakarrik irabazi dute. Hain justu, eskualdeko beste pilotari baten aurka zuten partida, Peña II.a, eta bere bikote Mariezkurrena II.a. Altunak eta Tolosak 22-15 irabazi dute eta beraien hirugarren puntua eskuratu dute. Peñak hiru ditu ere irabazita.

Jakak eta Arangurenek 22-18 galdu zuten Ezkurdia eta Martijarena aurka, eta oraindik bakarra dute irabazita. Jakak minduta bukatu zuen partida, baina espero du asteburuan jokatzeko moduan izatea.

Iztueta, aurrelaririk gabe

Promozio mailako txapelketan gauza bitxia gertatu zaio Martxel Iztueta atzelari tolosarrari. Bere aurrelari titularra Agirre da, eta txapelketaren hasieratik lesionatuta dago. Bere ordez Alberdi ari zen jokatzen, baina jardunaldi honetan ez zegoen jokatzeko, eta ezta Baikoko beste aurrelariak ere, lesionatuta daudelako. Tartean Iñaki Artola alegiarra. Hori dela eta, Iztuetak gaur Beotibar pilotalekuan Salaberria eta O. Etxeberriaren aurka jokatzekoa zuen partida galdutzat eman diote, 22-0ko markagailuarekin. Oraingoz, beraz, bi partida irabazita ditu Iztuetak.

Iker Elizegi atzelari asteasuarrak beste garaipen bat lortu du Zubizarreta III.arekin batera. Egiguren V.a eta Erostarberi 22-17 irabazi zioten asteburuan. Bi puntu ditu orain Elizegik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!