Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa, Aiztondon, urtea amaitzeko

Ataria 2022ko abe. 23a, 19:59

Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Alkizako udalek antolatu dute ekimena. Manifestazioa isila izango da eta 18:30ean irtengo da Villabonako Errebote plazatik. Amaiera Zizurkilgo Joxe Arregi plazan emango zaio.

Aiztondo bailarako eta inguruko herritarrak manifestaziora deitu dituzte abenduaren 31n. Deialdia Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Alkizako alkateek egin dute:«Beste urte batez hemen gaude, euskal presoen eskubideak errespeta daitezela aldarrikatzeko mobilizazioa antolatu dugula iragartzeko».

Bost udaletako alkateek euren konpromisoa berretsi dute euskal presoen eskubideen defentsan. «Zorionez, euskal alderdi politiko, sindikatu eta erakunde sozialen ahaleginari esker, baina, batez ere, gizarte zibilaren bultzada irmoari esker, presoen urruntze-politika desagertzea lortzen ari gara», adierazi dute. Egun, Aiztondoko preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan daudela gogoratu dute, eta balioan jartzeko lorpena dela aldarrikatu.

Gauzak horrela izanagatik, ez dute ahaztu nahi izan dispertsioak eta urrunketa politikak utzitakoa urte guzti hauetan: «Presoen senide eta lagunak zigortzeko helburuarekin martxan jarritako politika anker horien ondorioz, urte luzez Aiztondoko senide eta lagunek milioika kilometro egin behar izan dituzte errepideetan, horrek zekarren arriskuarekin eta sufrimenduarekin. Astebururo ordu mordoa bidaiatzen pasa behar izan dituzte, senide edo lagun presoarekin 40 minutuko bisita bat edukitzeko». 

Aiztondoko ehunka herritarrek derrigorrez ezagutu behar izan dituzte Huelva, Curtis, Puerto de Santa Maria, Granada, Algeciras, Fleury edo Fresnes bezalako espainiar eta frantziar hiriak. Hori ere aipatu dute alkateek: «Zorionez, dispertsioa eta urrunketa, milaka euskal herritarren eskubideak urratu dituen politika zentzugabea, gure herriaren historiako pasarte ilun bat izatera pasako da laster. Hori bai, errepideetan hildako 16 pertsona eta ehunka zauritu atzean utziz».

«Eskubide urraketak oraindik ez dira amaitu»

Euskal presoen eskubideak urraturik daudela frogatzeko, hainbat adibide jarri dituzte bost herrietako udal ordezkariek: «Alde batetik, espetxeetako bizi baldintzek asko dute hobetzeko, bis familiarrak hilero egiteko eskubidea ez da errespetatzen, ez da mediku asistentzia egokia bermatzen eta birgizarteratzeko baliabide gehiago behar dira. Bestalde, arlo politiko eta batez ere judizialean, espainiar estatuko sektore kontserbadore eta ultrak atzera egin nahian dabiltza».

Eskuin muturraren itzala luzea dela salatu dute: «Teknikoak izan behar luketen erabaki judizialak eskuin-mutur politikoaren postulatu eta ideologiaz zipriztintzen ari dira, berriro ere euskal presoen eskubideak urratuz. Estatuko fiskaltza eta Auzitegi Nazionala erabiltzen ari dira errepresio tresna bezala».

Irakurketa horretan kokatu dute azken hilabeteetan gertatua: «Espetxean bi hamarkada, edo hiru ere, bete dituzten presoek hirugarren gradua eta erdi-askatasuna lortu ondoren, behin eta berriro ikusten ari gara berriro espetxeratu egiten dituztela, bigarren gradura bueltaraziz». Hori justizia baino mendekua dela salatu dute. Datua ere mahai gainean jarri dute udal ordezkariek: «Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradura eta erdi-askatasunera igarotzea onartu dien 33 presoetatik 23 errekurritu ditu fiskaltzak; horietatik 6 espetxera itzuli dira eta 13 Espetxe Zaintzako Epaitegiaren erabakiaren zain daude». Ondorioa argia da alkateentzat: «Auzitegi Nazionalak boikota egiten die espetxeetako profesionalen erabakiei, haiek baitira presoen bilakaera ezagutzen dutenak».

Aiztondoko udal ordezkariek «tinko» salatu dute euskal presoen etxeratzea oztopatzeko aplikatzen ari diren gradu erregresioak: «Espainiar eskuin muturrak sustatutako atzeraldi honen aurrean, Euskal Herrian berriro ere, bakea, bizikidetza eta konponbidea aldarrikatzea dagokigu. Giza eskubideak defendatzen ari gara eta horretan ez dugu inoiz atzera egingo».

Euskal presorik gabeko agertoki bat «ahalik eta azkarren» lortzeko itxaropena plazaratu dute, «hori izango baita herri honetan bakean eta elkarbizitzan aurrera egin dugunaren adierazlerik garbiena».

Arrazoi horietan oinarrituta, Aiztondo bailarako Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo udalek manifestazio isila antolatu dute urteko azken egunean, 18:30ean. Villabonako Erreboteko plazatik irtengo dira, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan amaitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!