Gipuzkoako eta Ekialdeko finaletan eskualdeko pilotariek parte hartuko dute

Ataria 2022ko abe. 23a, 11:57

Jardunaldietako bat gaur arratsaldean jokatuko da Alegiako Elorri pilotalekuan.

Alebin eta infantil mailako finalak jokatuko dira gaur arratsaldean. Andoaingo Arrate pilotalekuan, 19:00etan hasiko da jaialdia, eta bigarren partidan, eskuz banaka infantilen bigarren mailan eta Ekialdeko finalean, Behar Zana elkarteko Imanol Zufiria eta Xabier Lakarra ariko dira elkarren aurka.

Arrasateko Uarkape pilotalekuan, 19:30ean hasiko den jaialdiko bigarren partidan, Gipuzkoako finala jokatuko du Behar Zana elkarteko Beñat Eizagirrek, Arrasate elkarteko Luken Martinen aurka, eskuz banaka 2. urteko alebinen mailan.

Alegiako Elorri pilotalekuan 20:15ean hasiko da jaialdia. Hiru partida izango dira eta lehenengoan, eskuz banaka bigarren urteko alebinen bigarren mailan Gipuzkoako finala jokatuko du Intxurreko Urtzi Telleriak Gure Txeru elkarteko Unax Zulaikaren aurka. Bigarren partidan, Ekialdeko finalean, eskuz banaka bigarren urteko alebinak eta bigarren mailan, Intxurreko Inhar Garmendia eta Hernaniko Ekhi Galdos ariko dira lehian. Hirugarren partidan, eskuz banaka infantilen bigarren maila, Gipuzkoako finala jokatuko dute Behar Zana elkarteko Xuhar Iparragarrek eta LAPKEko Oier Altunak.

Tolosa Aurrerakoen finala

Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketan, eskuz binakako azken finala izango da ikusgai, bihar. Nagusien 3. mailako lehia izango da azken hori, eta Tolosa 1 eta Ataun 2 taldeek jokatuko dute, Ataunen, Auzoeta pilotalekuan, 11:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partidan. Tolosa 1-eko Ugaitz Amundarain eta Beñat Beloki, Ataun 2ko Oñatz Arrillaga eta Ander Arroitaren aurka ariko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!