Kontzertu bat, Loatzo musika banda aurkezteko

Irati Saizar Artola 2022ko abe. 22a, 07:59

Bihar aurkeztuko dute, Ibarrako plazan, 19:00etan eskainiko duten kontzertuarekin; Idoia Balza da zuzendaria eta 29 musikarik osatzen dute banda.

Loatzo musika eskolak beste pauso bat eman du bere hogei urteko ibilbidean, eta bihar arratsaldean, Loatzo musika banda aurkeztuko du. Kontzertu baten bidez emango dute bandaren berri: Ibarran izango da, 19:00etan, plazako aterpean.

Ikasle izandakoak zein gaur egungo zenbait ikasle elkartu dira bandan, Idoia Balza zuzendari dutela. Klarineteko eta musika hizkuntzako irakaslea ere bada Balza Loatzon, eta ardura berria izango du orain: Loatzo musika bandako zuzendariarena. «Tolosako musika bandako zuzendariordea ere banaiz, eta esperientzia apur bat banuenez, hortik tiratzea erabaki dugu», azaldu du.

Denera 29 musikarik eta zuzendariak osatzen dute banda. Urrian hasi ziren entseguekin, proiektuari forma eman nahian. Astean behin elkartzen dira ordu eta erdiz, entseguak egiteko. Balzak kontatu du Ixak Oiartzabal, Miren Mujika eta Pello Zendoia laguntzen aritzen zaizkiela, instrumenturen bat jotzen ez bada, muntatzen.

Banda sortzeko ideia, ordea, ez da oraingoa, Iñaki Zalakain Loatzo musika eskolako zuzendariak kontatu duenez: «Askotan galdetu izan digute kalean ea noiz sortu behar genuen Loatzon banda bat». Pandemia aurretik musika eskolako banda sortuta zuten ikasleekin, baina pandemia etortzearekin bertan behera geratu zela kontatu dute.

«Beti izan dugu gogoa bailaran musika banda bat sortzeko, ikasle eta ikasle ohiekin, adin batetik gorakoena; etorkizun batean zerbait autonomoa izan daitekeen zerbait nahi genuen, musika eskolarekin lotura duena, baina funtzionamendu autonomoarekin», azaldu du Balzak.

Udal ordezkariekin harremanetan jarri, proiektuaren berri eman eta laguntza jaso dutela esan dute. Banda sortzeko udalek egin duten ahalegina eskertu nahi dute bi zuzendariek. «Ideia polita iruditu zitzaien udal ordezkariei, azken batean, ekintza ezberdinak antolatzen dituztenerako egokia izan daitekeelako musika banda bat beti prest izatea», dio Balzak.

Banda osatzeko, deialdi zabal bat egin zuten, eta ikasle ohiekin ere jarri ziren harremanetan. «Sorpresa jaso genuen, urteak zirelako askoren berririk ez genuela», kontatu du bandako zuzendariak. «Jendea instrumentuak jotzeko gogoz topatu dugu, eta pozgarria da hori». Zalakainek esan du jende asko geratu dela bandarekin bat egin ezinik «lanagatik, ikasten kanpoan dabiltzalako...», eta orokorrena, erantzun «oso positiboa» izan dela.

Kontzerturako prest

Aurkezpen kontzerturako prest dutela guztia kontatu du banda zuzendariak. Emanaldia baino lehen, aurkezpen bat egingo dute, eta emanaldiaren ondoren luntx bat eskainiko dute.

Eguberrien ataria denez, Gabonetako abesti batzuk joko dituztela aurreratu du Balzak. «Kalejiraren bat, pelikuletako abestiren bat, abesti ezagunak ere bai, Coldplay-ren abesti bat tarteko... orokorrean denetarik joko dugu, baina nahiko musika alaia izango da». Ilusioz daude lehen kontzertua eskaini eta bandak zein norabide hartzen duen ikusteko: «Guztia perfektu ez zaigu aterako, baina tira, ilusioa badaukagu, forma badu eta polita entzuten da».

Momentuz, zortzi emanaldi aurreikusi dituzte, Loatzo musika eskola kokatuta dagoen zortzi herrietan eskaintzeko, besteak beste. Aduna, Zizurkil, Villabona, Anoeta, Irura, Alegia, Altzo eta Ibarra dira herri horiek. Loatzoren 20. urteurrena ospatzeko, datorren ekainaren 16an ekitaldi nagusi bat egingo dutela aurreratu dute Villabonan, eta bandak ere parte hartuko du.

Gaur egun, 490 ikasle inguruk eta 20 irakaslek osatzen dute zortzi herritan banatuta dagoen Loatzo musika eskolako mapa.

Banda baten garrantzia

Musika eskola batek banda bat izatea «sekulakoa» dela dio Zalakainek. «Handitu egiten du eskola, proiektu sendo bat da». Aurrera begira ere jarri nahi dute, eta hor, soka tresnak sartzeko aukera ere garrantzitsua ikusten dute, banda sinfoniko bat osatuz. Orkestra ere hortxe dutelako, Aran Mujika zuzendari dutela. «Ea proiektua nola gauzatzen den, guztia ikusteko dago», dio Zalakainek. 

Gainera, ikasleentzat ere motibazio iturria dela nabarmendu du Balzak: «Gaztetxoek tresnak jotzen dituzte, baina iristen zaie momentu bat, adin batekin, ez badaukate nora joan, erabakiren bat hartzen dutena». Horregatik uste dute garrantzitsua dela banda helburu bezala irudikatzea: «Akaso gustatuko zaie bandan jotzera iristea».

Zalakainek azaldu du, maila batetik aurrera, talde instrumentaletara bideratzen dituztela ikasleak, baina talde horietatik pasa eta helburu nagusi bezala har dezaketela bandan jotzearena, «nahi badute behintzat».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!