Enpleguneko kontratazioetarako laguntzak eskatzeko epea zabaldu dute berriro

Ataria 2022ko abenduaren 21a

Tolosaldea Garatzenek azaldu duenez, enpresa eskatzaile batzuek laguntza jasotzeko baldintzak ez betetzeak eragin du aldaketa. Eskaeren deialdia 2023ko urtarrilaren 15era arte luzatuko da.

Tolosaldea Garatzenek jakinarazi du berriro ireki dela eskualdeko enpresetan kontratazioak sustatzea helburu duen Enplegunearen barruan banatzen diren diru laguntzak eskatzeko epea. Azaldu dutenez, enpresa eskatzaile batzuek laguntza jasotzeko baldintzak ez betetzeak eragin du aldaketa. 

Aurten eskaera asko jaso dituzte enpresetatik, eta hori eskertu nahi izan du garapen agentziak. Aurtengo laguntzarekin 33 kontratu mugagabe sustatzea aurreikusten zen. Baina, laguntza jaso ahal izateko zenbait baldintza bete behar izaten dira, eta betetzen ez zituzten eskaerak indargabetu ondoren, eskaera berrietarako epea ireki da berriro, itxarote-zerrendan ez baitago besterik.

Eskaeren deialdia, beraz, 2023ko urtarrilaren 15era arte luzatuko da. Hori bai, ez da kontratazio-epea aldatuko, eta 2022ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da kontratazio hori.

Diru laguntzaren ezaugarriak:

  • Gehienez 8.800€ko diru-laguntza
  • Kontratu mugagabea egin beharko da
  • Gehienez kontratazioaren kostuaren %75a
  • Eskualdean erroldatutako langileen kontratazioa

Enpresentzako baldintzak

  • Eskaerarako azken eguna: 2023ko urtarrilak 15
  • Egoitza eta lan eremua eskualdean
  • Formazioko eta praktiketako kontraturik ez da onartuko
  • Kontratazioek enplegu-sorrera garbia ekarri beharko dute berekin, kontratatu beharreko pertsona lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan enpresan dagoen batez besteko plantilla osoaren gainean

Kontratuaren baldintzak

  • Kontratu mugagabeak onartuko dira bakarrik
  • Lanaldi osoko kontratua
  • 2022ko maiatzaren 21etik abenduaren 31ra bitarte sinatutako kontratuak soilik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!