Bi milioi euro, turismo jasangarriko proiektuetara

Ataria 2022ko abenduaren 21a

Euskadiko Jasangarritasun Turistikoko bigarren Lurralde Planerako onartutako proiektuen artean dago Tolosaldea Garatzen agentziak aurkeztutako proposamena.

Eskualdeak 1.980.400 euro jasoko ditu, Hernio-Gazume KBEko eta Aralar Parke Naturaleko interpretazio zentroak, Tolosaldea oinez eta bizikletaz proiektua, mugikortasun turistikoaren azterketa eta konponbideen proposamena garatu, eta digitalizazio eta adimen turistikoaren plana hobetzeko. 

Izan ere, Euskadiko Jasangarritasun Turistikoko bigarren Lurralde Planerako onartutako proiektuak aurkeztu dituzte. Plan hori datozen urteetan gauzatuko da, Europako Next Generation funtsekin. Plana garatzeko 33,9 milioi euro banatuko dira, eta 12 proiektu garatzea aurreikusten da: Helmugako Jasangarritasun Turistikoko 10 plan eta Enogastronomiako Turismo Plan Nazionalaren parte diren beste bi proiektu.

Horien artean dago Tolosaldea Garatzen garapen agentziak, prozesu parte hartzaile baten ondotik, aurkeztutako proposamena, Tolosaldeko Jasangarritasun Turistikoaren Plana garatzeko. Eskualdean garatuko diren proiektuen inguruko xehetasun gehiago laster emango dituztela ezagutzera azaldu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!