Espainiako Txapelketa bikaina egin dute Tolosaldea IKT-koek

Imanol Garcia Landa 2022ko abe. 21a, 11:59

Nahia Garridok lehen dominak lortu ditu absolutu mailan taldearentzat, urrezko bat eta zilarrezko bi eskuratuz.

Absolutu mailako Espainiako Igeriketa Txapelketa izan da jokoan asteburuan, Sabadellen (Herrialde Katalanak), eta Tolosaldea IKT taldekoak oso pozik itzuli dira. Bederatzi igerilari joan dira bertara eta gehienek beren markak hobetu dituzte: Imanol Ezeiza, Eneko Garmendia, Igor Arrigain, Enaitz Goñi, Unai Zubeldia, Joanes Ruiz, Nahia Sarasola, Mattin Zubeldia eta Nahia Garrido.

Bereziki nabarmendu da Nahia Garrido igerilaria. Hamabost urte izanik urrezko domina lortu du 200 metro bizkarrean eta zilarrezko domina 50 eta 100 metro bizkarrean. «Inoiz absolutu mailako Espainiako Txapelketa batean podiumean ez ginen egon eta kasu honetan hiru aldiz zapaldu du Nahiak podiuma», azaldu du Joseba Zubeldia entrenatzaileak. «Ez zen helburua, baina bidean topatu duen sari bat da, eta denak motibatzeko eta pozteko adineko lorpena izan da». Markei dagokionez, Garridok 15 urtez azpiko Espainiako markak hobetu ditu hiru probetan. Gainera, 100 eta 200 metro bizkarrekotan Euskadiko marka absolutua egin du. 50 metro bizkarrean 28,04 egin zuen, 100 metrokoan 59,35 eta 200 metrokoan 2.07,96. Fina puntuazioan, nazioartean erabiltzen den neurrian, lehendabizikoz 800 puntuak gainditu ditu 200 bizkar proban. «Gutxik esan dezakete hori», esan du Zubeldiak eta gaineratu: «Momentu honetan marka horiekin Europako hiru edo lau junior onenen artean dago».

Tximeleta estiloan ere marka eta postu bikainak lortu ditu Garridok. 50 metroko proban 40. marka onena zuen txapelketa hasi aurretik, eta ezustekoa eman zuen, 27,27rekin Espainiako 15 urtez azpiko marka onena eginez eta sailkapen orokorrean bosgarren geratuz. 100 metro tximeletan 1.00,81 egin zuen, Euskadiko 15 urtez azpiko marka hobetuz, eta txapelketan hamaikagarren postua eginez. 200 metrokoan 2.16,05 eginez Euskadiko marka onena egin zuen ere 15 urtekoetan, eta hamabigarren postuan geratu zen. «Talentu handiko neska da, gauzak ondo egiten ari da eta estilo guztietan izugarri hobetzen ari da», zehaztu du Zubeldiak.

Taldea erreleboetan nabarmendu da bereziki, mutiletan bost erreleboetan parte hartu baitute, orain arte lortu gabekoa. «Hamabosgarren eta hogeigarren artean egon gara, oso meritu handiko postuak», esan du Zubeldiak. Errelebo mistoetan ere parte hartu dute. «Igerilari guztiek kalitate handiko probak egin dituzte, eta oso gustura gaude», azaldu du entrenatzaileak.

Hurrengo lehiaketa Donostian egingo den Eguberrietako Nazioarteko Saria izango da, abenduaren 29an. Hortik aurrera, otsailean hasiko dira berriro ere eskualdeko taldeko igerilariak txapelketetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!