Kooperatiba sortzeko bidean «pauso garrantzitsua» eman du Lurtarok

Ataria 2022ko abe. 17a, 17:59

Elkarteko 50 bat bazkide bildu dira Gure Zirkuaren karpan; kooperatiba bat sortzeak berarekin dakartzan betebeharrak zehazten aritu dira.

Duela hiru urte jarri zuen martxan Tolosaldeko herritar talde batek Lurtaro elkartea, eskualdean elikadura burujabetza bultzatzeko helburuz. Bada, irailean egin zuten lehen batzarrean kooperatiba sortzeko apustua egingo zutela erabaki zuten, eta gaur beste urrats bat eman dute. «Kooperatiba sortzeak baditu hainbat betebehar eta horiek zehazten aritu gara gaur», azaldu du Maddi Sarasola elkarteko kideak. «Saio dinamikoa izan da eta parte-hartze handia izan du. Bazkideek egindako ekarpenak aberasgarriak izan dira», gaineratu du.

Irailetik gaur egunera arte egindako lanketen berri eman dute gaur; tartean, lan-taldeen funtzionamenduaz aritu dira hizketan. Horiek egonkortzeko beharraz jabetu dira, eta ondorioz lau punturen inguruan eztabaidatu dute. Batetik,, lan-talde horien dinamikak nolakoa izan beharko lukeen eztabaidatu dute. «Jendearen inplikazio-mailak zenbatekoa izan behar duen hitz egin dugu, zenbat emateko prest gauden, alegia».

Bestetik, babes soziala handitu nahi dutela esan du Sarasolak. Une honetan 140 bazkide daude izena emanda kooperatiba sortzeko bidean. «Hala ere, oraindik indar handiagoa behar dugu, masa handiagoa artikulatu behar dugu; 300 izatera heltzea da gure asmoa, eta hori nola lortu eztabaidatu dugu». Halaber, babes politiko eta instituzionala lortzea ere «garrantzitsua» da Sarasolaren ustez. «Hori nola lortu eta landu hausnartu dugu».

Azkenik, kooperatiba bat sortzeak zuzendaritza-talde bat izatea eskatzen duenez, zuzendaritza-talde hori nola eratuko luketen, nolako ordezkariak izango lituzken eta zeintzuk osatuko luketen ere hitz egin dute.

Lan-taldeen dinamikaren inguruan hitz egiterakoan, bildutako bazkideei «pozez» azaldu die ekoizpenaz arduratzen den lan-taldea dinamika propioa garatzen ari dela, forma hartzen ari dena. «Guretzako oso positiboa da hori. Hasieratik, ekoizpena izan behar da elkarte honen zentroa edo bihotza, eta bide horretan urratsak ematen ari gara, ekoizleekin bilduz, bolumenak aztertuz eta diagnostiko ahalik eta errealenak egiten».

Behin kooperatiba sortuta, lokala bilatu, ekoizleekin bildu, ekoizpena antolatu eta proiektuari hasiera ematea izango da Lurtaroren asmoa. «Erabat sinetsita gaude bizi dugun egoerak ekitea eskatzen duela eta horretarako, norbere aldaketez gain, apustu kolektiboak behar ditugula».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!