Gabonetako kanpaina jarri du martxan Oria merkatari elkarteak

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 15a, 14:02

Bezeroarentzat 'Asmatu prezioa' lehiaketa jarri dute martxan eta haurrentzako, berriz, 'Erroskilaren bila' izenekoa.

Oria merkatari elkarteak Eguberrietarako kanpaina berezia jarri du martxan. Elkarteko saltokietako bezeroentzat Asmatu prezioa kanpaina jarri dute martxan. Villabona-Zizurkilgo dendetan erosketak egin ondoren bertan lortu daiteke lehiaketan parte hartzeko txartela Rural Kutxan dagoen erakusleiho osoaren prezioa kalkulatu ondoren, lortutako txartelean idatzi beharko dute bezeroek. Ondoren kanpainari atxikitako saltokietan utzi beharko dute egindako apustua. Preziora gehien hurbiltzen denak, beti ere pasa gabe, erakusleiho osoa eramango du. Urtarrilaren 5ean jakinaraziko dute sariduna.

Haurrentzako, berriz, Erroskillaren bila izeneko lehiaketa jarri dute martxan Eguberrietarako. Egunero erroskilla bat egongo da ezkutatuta Villabona-Zizurkilgo erakusleihoetan. Erroskilla aurkitzen duenak dendan sartu behar du eta bere izena eta telefono zenbaki bat utzi behar ditu eta modu horretara Gure Zirkuan urtarrilaren 7an edo 8an izango den emanaldirako sarrera bikoitz baten zozketan parte hartu ahal izango dute. Hiru saridun izango dira.

Abenduaren 26tik 30era hainbat jarduera prestatu dituzte etxeko txikientzat: eskulanak, zirku tailerrak, munduko jolasak, ipuin kontalariak eta xakea izango dira besteak beste.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!