Jakak eta Arangurenek lehen puntua lortu dute binakakoan

Ataria 2022ko abenduaren 14a

Erik Jaka. BAIKO PILOTA

Altuna III.ari eta Tolosari 22-12 irabazi zioten atzo Urretxun jokatutako partidan. Astelehenean txapelketako partida izango da Tolosako Beotibar pilotalekuan.

Binakako Pilota Txapelketaren laugarren jardunaldiari hasiera eman zioten Jaka-Aranguren eta Altuna III-Tolosa bikoteek, Santa Luzia egunean, eta Baiko enpresakoak eraman zuen garaipena. Honenbestez, Jakak eta Arangurenek bere lehen puntua eskuratu dute sailkapenean, eta Altuna III-Tolosa bi garaipenekin geratzen dira.

Atzoko jaialdian Artolak jokatu zuen, promozio mailako txapelketan Bakaikoa ordezkatuz. Alegiarrak Morgaetxeberriarekin batera jokatu zuen eta 22-9 irabazi zioten Egiguren V-Erostarbe bikoari.

Txapelketako partida Beotibarren

Igande honetan Bizkaia Frontoian jokatzekoa zen pilota jaialdia hurrengo egunean, abenduaren 19an, astelehenean, jokatuko da Tolosako Beotibarren, instalazioarekin zerikusia duten arrazoi teknikoengatik, Baiko Pilotak azaldu duenez.

Laso-Imaz, bi garaipenekin, eta P.Etxeberria-Rezusta, lehenengo puntua eskuratzeko asmoarekin kantxaratuko dira Beotibarren Binakako Txapelketako laugarren jardunaldiari amaiera emanez. Artola-Uriondo eta Irribarria-Salaverri II partidak emango dio hasiera jaialdiari astelehenean 16:30etik aurrera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!