Larunbatean dute Lurtaro kooperatiba sortzeko hitzordua

Ataria 2022ko abe. 14a, 16:59

Gure Zirkuaren karpan bilduko dira elkarteko kideak; ondoren lokala bilatu eta ekoizpena antolatzen hasiko dira.

Duela hiru urte jarri zuen martxan Tolosaldeko herritar talde batek Lurtaro elkartea, eskualdean elikadura burujabetza bultzatzeko helburuz. Bada, irailean egin zuten lehen batzarrean kooperatiba sortzeko apustua egingo zutela erabaki zuten, eta larunbat honetan, hilaren 17an egingo dute. Tolosako Gure Zirkuaren karpan, 11:00etan jarri dute hitzordua Lurtaro kooperatiba sortzeko.

Elkarteko kideek azaldu dutenez, behin kooperatiba sortuta, lokala bilatu, ekoizleekin bildu, ekoizpena antolatu eta proiektuari hasiera ematea da asmoa. «Izan ere, erabat sinetsita gaude bizi dugun egoerak ekitea eskatzen duela eta horretarako, norbere aldaketez gain, apustu kolektiboak behar ditugula».

Ekoizleak, kontsumitzaileak, herri mugimenduko kideak, nahiz administrazio publikoan esperientzia dutenak biltzen dira Lurtaroren baitan. «Uste dugu horrek lagundu digula elikadura sistemari erantzun osoago bat ematen eta hortik landu dugu kooperatibako proiektua». Euskal Herrian proiektu ezberdinak jarri dira martxan eta hutsunea ikusten zuten Tolosaldean. «Horregatik, eskualdeko errealitatera ahalik eta ondoen egokitzen den proiektua landu dugu», azaldu dute elkarteko kideek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!