Beste hezkuntza eredu bat eskatzeko greba deitu du Ikamak

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 14a, 14:07

Ikama (Ikasleria Martxan) antolakundeak greba deitu du biharko, abenduak 15.

«Gaur egungo hezkuntza sistemak hamaika ertzetatik zapaltzen gaituela ikusirik Euskal Herriko hegoaldeko hiriburuetan mobilizazioak deitu ditugu datorren abenduaren 15ean, gure neurrira egongo den hezkuntza bat aldarrikatuz», esan dute eskualdeko Ikamako ordezkariek. Ikastetxe publikoetan gaur deitutako greban bezala, Ikamakoek Hezkuntza Legearen zirriborroa dute jomugan. «Ateratako zirriborroak ez ditu ez aurrerapausorik ez behar ditugun aldaketarik ematen, horregatik ikasleon beharrak entzunak izatea eta errotiko aldaketak planteatzea ezinbestekoa dela deritzogu».

Zehazki euskarari lotuta euskal curriculuma aldarrikatzen dute. Euskal Herrirako hezkuntza sistema propioa eskatzen dute ere; «Euskal Herriko hezkuntza sistema Espainiako eta Frantziako estatuen menpe dagoen honetan Nafarroa eta Ipar Euskal Herriarekiko harremana zein den definitu behar du hezkuntza legeak, gure herriaren beharretara egokitutako lege bat izan dadin». Era berean, segregazioarekin amaituko duen hezkuntza publikoa, doakoa eta mundu guztiarentzako eskuragarria izango dena eskatzen dute. Herritarren parte hartzea exijitzen dute ere eta ikasleen hitza zein iritzia kontuan hartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!