Greba egiten ari dira gaur, hezkuntza publikoan

Ataria 2022ko abenduaren 14a

Steilas, LAB eta ELA sindikatuek deituta lanuztea egiten ari dira 'Publikoa, euskalduna eta propioa helburu' lelopean

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek ez dute gogoko EAEko Hezkuntza Lege aurreproiektua. Aurkeztu den zirriborroa aztertuta, «egungo hezkuntza eredu duala betikotu» egiten duela irizten diote, eta pentsatzen dute ez duela urratsik egiten sindikatuek aldarrikatzen duten «sare publiko bakar, euskaldun eta propioa» lortzeko bidean. Horregatik, mobilizazioak iragarri dituzte aurreproiektuaren kontra Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan eta horrela eskatuko dute «langileekin» egin dezatela behin betiko legea. Hori dela eta, bi greba egun deitu zituzten; lehenengoa azaroaren 30ean egin zuten eta bigarrena gaur. Gaurko mobilizazio nagusia Gasteizen izan da, eguerdian, eta arratsaldean, herrialde mailako manifestazioak egingo dituzte hiriburuetan.

Aurreko greba egunean eta sindikatuek emandako datuen arabera, langileen %60k bat egin zuen grebarekin. Sare publikoko langile oro deituta zegoen grebarekin bat egitera. Jaurlaritzak, berriz, oso bestelako datuak eman zituen. Esan duenez, ikastetxeen %92ren datuak bildu zituen, eta horietan irakasleen %35,2k bat egin zuen grebarekin.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak akordioa lortu du ELA, UGT eta CCOO sindikatuekin, eskoletako sukaldeetako eta garbiketako langileak egonkortzeko. Hezkuntza Sailak iragarri berri du 480 lanpostuko lan eskaintza publiko bat abiatuko duela bere menpeko beharginentzat; hau da, ikastetxe publikoetako funtzionarioei eragingo die. Meritu lehiaketa bidez eskainiko ditu postuok: langileen esperientzia eta bestelako merezimenduak hartuko dira kontuan. Abenduan zehar emango ditu Jaurlaritzak egutegiari buruzko xehetasunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!