Izarne Sarasolak eta Jokin Altunak 2022ko Gipuzkoa Kirola Saria jaso dute

Ataria 2022ko abe. 14a, 10:59

Urteko kirolari onenak izendatu dituzte Espainiako selekzioarekin 20 urtez azpiko Munduko txapeldun izan ziren Realeko bost jokalariak eta pilotari amezketarra.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak antolatuta, atzo, 2022ko Kirol Gala ospatu zuten, Donostiako Tabakaleran. Ekitaldi horretan, Gipuzkoako kirolariek eta lurralde historikoko kirol-eremuarekin zerikusia duten pertsonek kirolaren alde etengabe egiten duten lana aitortu zuen Aldundiak, zenbait sari emanez. Batetik, Gipuzkoa Kirola Sariak banatu zituzten, gizonezkoetan eta emakumezkoetan, eta bestetik, Gipuzkoarren Kirola 2022 sariak eman zituzten.

Emakumezkoen Gipuzkoa Kirola Saria Espainiako selekzioarekin 20 urtez azpiko Munduko txapeldun izan ziren Realeko bost jokalarientzat izan zen. Horietako bat da Izarne Sarasola ibartarra. Besteak Adriana Nanclares, Elene Lete, Ana Tejada eta Mirari Uria dira. Gizonezkoetan, berriz, Jokin Altuna pilotari amezketarrak jaso zuen saria.

Beste urte batez, Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak, Gipuzkoako kirolariek Europako eta Munduko Txapelketetan lortutako arrakastak aitortu zituen, eta horietako bakoitzari txapela bana oparitu zieten, «etengabeko arrakasta saritzeko».

Atzoko ekitaldiaren aurretik, azken asteetan, kirolari ezberdinei bozkak emateko aukera izan zuten gipuzkoarrek. Lurraldeetako Kirol Federazioek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuarekin lankidetzan, hautagai ugari proposatu zituen sari horietarako, eta tartean, baziren eskualdeko kirolari edo kirol taldeak: arestian aipatutako Jokin Altuna eta Izarne Sarasolaz gain, Irati Lakunza hegats igeriketako igerilaria, Naia Amondarain txirrindularia, Irene Caminos trial txirrindularia eta Mattin Zubeldia igerilaria. Tolosaldea IKT klubeko igerilaria den Nahia Garrido urretxuarra ere zerrenda horretan izan zen. Hain justu, Garridok jaso zuen herri-bozketa bidez erabakitako Gipuzkoarren Saria.

Era berean, zenbait talde omendu zituzten galan: Tolosa CF, mendeurrenagatik; Villabonako Behar Zana Pilota Elkartea, 75. urteurrenagatik; eta Villabona Xake Joku Elkartea, 50. urteurrenagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!