'Gabonak... eta etxean aulki bat hutsik' hitzaldia izango da Iruran eta Tolosan

Ataria 2022ko abenduaren 14a

Bihotzetik elkarteak antolatuta, doluari buruzko saio bana egingo dute; abenduaren 19an Irurako ikastolan izango da, 18:00etan; 21ean, berriz, Tolosako kultur etxean, 19:00etan.

Hitzaldi informatiboa eta adierazgarria izango dela aurreratu dute antolatzaileek. «Terapeuta batek Gabonetarako familiaren dolua laguntzeko jarraibideak emango ditu». Iruran Javi Aramendiak gidatuko du saioa; Tolosan, berriz, Maider Etxeberriak. «Ingurune seguru batean, parte hartzaile guztien elkarrizketa erraztea da helburua. Batzuetan, isiltasunak hitzak baino gehiago komunikatzen du», adierazi dute.

Sarrera librea eta doakoa izango dela gogorarazi dute. Hala ere, aurrez izena ematea eskatzen dute. Horretarako, interesa dutenek galdetegi hau bete edo 656 748 391 telefono zenbakira deitu behar dute.

Urteak dira Eguberrien bueltan Tolosan horrelako hitzorduak egiten dituztela, terapeuta batek gidatuta. «Etxean norbaiten falta sumatzen dugunean, Gabonak beste era batera bizitzeko aukera eskaintzen dugu». Tolosako saioaren kasuan, ez dute baztertzen gazteekin saio paralelo bat egitea, «gai honen inguruan kolektibo honen eskaria geroz eta handiagoa delako, eta parte hartzera bultzatu nahi ditugulako».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!