Aiztondo bailarako euskal eskola publikoa lehenesteko eskatu dute

Jon Miranda Labaien 2022ko abe. 13a, 11:59

Sortu berria den Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeak uste du Hezkuntza Legearen aurreproiektuak ez diela erantzun egokirik ematen hezkuntza mailako beharrei.

Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul eta Zizurkilen euskal eskola publikoaren alde sortu den taldea kezkatuta dago etorkizun hurbilarekin. Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotza-tasaren jaitsiera da kezka iturrietako bat, eta bestea, Eusko Legebiltzarrean urte hasieran aurkeztu zen Hezkuntza Akordioaren zirriborroa. «Aurreakordioak egungo gizarteak hezkuntza mailan dituen zailtasun eta beharrei erantzun egokirik eman gabe jarraitzen du», esan dute Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeko kideek. Zirriborroarekiko «desadostasuna» adierazi eta berau aldatzeko lan egingo duela iragarri du bailaran kalitatezko euskal eskola publikoaren alde lan egiteko sortu den taldeak.

Besteak beste, administrazio publikoek Aiztondo bailarako euskal eskola publikoa «erdigunean jarri eta lehenesteko» eskatuko dute eta bailarako herri eskolentzat baliabideak exijitu dituzte. Gizarte justuago eta inklusiboago bat lortzeko segregazioarekin amaitzea lehentasunezkoa izango dela esan dute taldetik: «Aiztondo bailaran hezkuntza sistema dualak, Euskal Eskola Publikoa eta Itunpeko Ikastetxe Pribatuen eskaintzak, eragiten duen segregazioari aurre egingo diogu eta gizarte kohesioa bermatzeko politika, planifikazioa eta matrikulazio prozesu gardenen alde egingo dugu». Taldea osatzen duten kideen ustez, «eskola segregazioa da, desberdintasun sozialak legitimatzeko dagoen gizarteko mekanismo eraginkorrena».

Ikasleen eta familien euskalduntze prozesuan bailarako eskola publikoek egiten duten lanari aitortza egiten ere jardun nahi du Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeak eta 0 eta 2 urte arteko haurren heziketan Haurreskolek duten garrantzia azpimarratzen egingo du ahalegina. «Haurreskola hauen beharrezko baliabideak exijitzeko eta zerbitzuaren doakotasuna eskatzeko lan egingo dugu», esan dute.

Aiztondoko udalerri guztiek dute Haur eta Lehen Hezkuntzako herri eskola: Amasa-Villabonako Fleming, Asteasuko Pello Errota, Zizurkilgo San Millan eta Pedro Maria Otaño eta Alkizako, Adunako, eta Larraulgo herri eskolak. Bailarako eskaintza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokiona, Erniobean institutuan osatzen da, 16 urtera arte.

«Denona, denontzako, euskalduna, laikoa, aniztasunean eta hezkidetzan konprometitua eta kalitatezkoa da Aiztondo bailaran eskola publikoek eskaintzen duten zerbitzua». Horretaz «harro» daudela nabarmendu dute plataforma osatzen duten kideak. Familia, hezkuntza arloko ordezkari, ezagun eta gaiarekin arduratutako bailarako jende ezberdina bildu da taldean.

Atxikimendu gehiagoren bila

Hainbeste jende biltzeak «poza» ematen duela aipatu dute taldeko kideek eta aipatu dute bailara saretzen joatea dela aurrera begira duten asmoa, «horrek ekarriko du Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro sendotzea». Horregatik atxikimenduak biltzen jarraituko dute datozen asteetan eta etorkizun hurbil batean partaidetza zabalagoa bilduko duen ekimena antolatzeko gogoz daudela adierazi dute. «Taldea eratzen ari da, beraz, edozein ekarpen ongi etorria izango da». Meta izango da taldeak erabiliko duen irudia, «belar mota anitzekin osatutako meta, aniztasuna aberastasunaren seinale da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!