Komunikabideak jaso duenez, ospitaleak larrialdiak artatzeko zerbitzua izango du, 17 espezialitate izango ditu eta 17.125 metro karratuko eraikigarritasuna kalkulatu dute. Datu horiek Plan Funtzionalean daude jasota, baina plan hori behin behinekoa dela esan du Osasun sailburuak. Sagarduik ez du data zehatzik eman, baina aurreratu du zortzi edo hamar urte beharko direla proiektua burutzeko. Hurrengo pausoa proiektua idazteko, obra zuzentzeko eta segurtasuna zein osasuna koordinatzeko lizitazioa ematea izango dela gaineratu du, eta horretarako urtebeteko epea eman du. Lanak 2025 urtean hasiko lirateke eta esan du oraingoz ez dela aurreikusten aldaketarik Asuncion Klinikarekin dagoen kontzertazio hitzarmenaren inguruan. Tolosako Udalak HAPOa aldatu behar du ospitalea eraiki ahal izateko eta horren zain dago Osasun saila. Horren ondotik iragarriko du Osakidetzak zer egin asmo duen.
Ospitaleak eskainiko dituen zerbitzuen inguruan zehaztapen hauek eman ditu; kanpo-kontsultak, eguneko ospitalea, anbulatorio mailako kirurgia, ospitalizazio medikua eta etxekoa, larrialdiak, oinarrizko laborategia, farmazia, X izpiak eta administrazioko, kudeaketa sanitarioko, informatikako, elikadurako zein sukaldeko edo mantentze-lanetako zerbitzu orokorrak izango ditu. Medikuntzako eta kirurgiako espezialitateei dagokienez, 17 zerbitzu aurreikusi dituzte; kardiologia, pneumologia, dermatologia, neurologia, endokrinologia, erreumatologia, barne-medikuntza, errehabilitazioa, hematologia, osasun mentala, tokoginekologia, traumatologia, oftalmologia, otorrinolaringologia, urologia, kirurgia orokorra eta anestesiologia.