Elkarrizketa

«Etxebizitza eskubidea bermatzea nahi dugu»

Rebeka Calvo Gonzalez 2022ko abe. 8a, 07:58

Jon Ander Lizarralde eta Alaia Tolosa Etxebizitza Sindikatuko kideak.

Larunbatean Tolosako kultur etxean 11:00etatik aurrera emango dute Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatuaren berri. Langile klasearentzat egunerokoa geroz eta garestiagoa dela diote eta etxebizitza oinarrizko eskubidea izanda, klase elkartasunari egin diote dei, eskubide hori defendatu ahal izateko. «Kalitatezko etxebizitza, doakoa eta unibertsala» lortzeko lan egingo dutela esan dute.

Larunbatean aurkeztuko duzue jendaurrean Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatua. Zein izango da bere funtzioa? Eta nola egingo du lan?
Laburki esanda, Etxebizitza Sindikatuaren funtzioa etxebizitzaren arloan ematen diren gehiegikeriak salatu eta hauei aurre egitea da. Etxebizitza gizakiok behar-beharrezkoa dugun bizi bitarteko garrantzitsua da, baina dirua duenak soilik eskuratu dezake. Langileon bizi baldintzen aurkako erasoaldi garai honetan kalitatezko etxebizitza bat izatea geroz eta zailagoa da. Egoera honen aurrean arazo zehatzak identifikatu nahi ditugu eta aurre egiteko mekanismoak mahai gaineratu. Zentzu horretan, aholkularitza juridikoa eskainiko dugu, alokairuarekin, etxegabetze posible batekin edota etxebizitzaren problematikarekin zerikusia duten arazo zehatzen aurrean aholku emateko. Gure helburua da baldintza hobeak eta eskubide gehiago izateko lanketak egitea.


Zergatik da beharrezkoa Etxebizitza Sindikatua sortzea?
Bizitzaren garestitze orokorra dela eta, gizartearen kapa zabal batek kalitatezko etxebizitza eskuratzeko zailtasun handiak ditu egungo krisialdi testuinguruan. Tolosaldeko Kontseilu Sozialistatik, beraz, arlo honetako egoerari aurre egingo dion indar antolatu baten beharra atzeman dugu, eta horren emaitza da Etxebizitza Sindikatua sortzea, beste zenbait eskualdeetako Kontseilu Sozialistek egin duten bezala. Izan ere, bizi ahal izatea bera ere geroz eta garestiagoa da langile klasearentzat: elikagaien igoera, erregaiaren igoera, energia-krisia, alokairuen prezioen gorakada...

Argi daukagu geroz eta egoera zailagoan bizitzera kondenatuta gaudela, eta hau borrokatzeko modu bakarra antolakuntzan datzala uste dugu. Pobretze prozesu honen aurrean defenditu ahal izateko eta klase interesak lehenesteko da beharrezkoa Etxebizitza Sindikatua bezalako tresnak izatea. Etxebizitza negoziorako bitarteko izan beharrean, guztiek bermatua izango duten oinarrizko behar izan bezala aldarrikatu eta bermatzeko.

Tolosako familia baten etxegabetze arriskua salatu eta ondorioz, familia horren egoera zuzendu dela esan duzue sare sozialetan. Nola bideratu da egoera hori?
Uztailean izan genuen etxegabetze arrisku honen berri. Tolosan bizi den familia bat etxegabetze arriskuan aurkitzen zen alokairuaren prezioaren gorakadaren, eta hau ordaintzeko ezintasunaren ondorioz. Egoeraren larritasuna ikusita, udalari bilera bat exijitu genion, udalak bere esku dituen baliabide guztiak martxan jarri zitzan familia hau etxegabetua ez izateko. Zorionez, horrela izan zen, eta familia hau gaur-gaurkoz etxegabetze arriskutik kanpo aurkitzen da. Hala ere, instituzioek dituzten mugak azaleratzea garrantzitsua dela uste dugu: familia honen egoera konpondu bada ere, beste hainbat pertsona etxebizitzarik gabe aurkitzen dira, eta beste hainbat eta hainbat kaleratze arriskuan daude. Horiek horrela, instituzioek ez dute gaitasunik egoeraren dimentsio orokorrari aurre egiteko; egoera horren erakusle garbia da Eustat-ek urrian etxerik gabeko pertsonen inguruan egindako inkestan ateratako datuen arabera, 4.456 pertsona egotea etxerik gabe EAEn, duela hamar urte zeudenaren bikoitza baina gehiago. Gainera, nabarmena da hainbat etxe jabeen partetik ematen diren gehiegikeriak, alokairuaren prezioa igoz, ordaintzea ez dagozkien zergak ordainaraziz maizterrari, ulertzen ez diren gauzak sinestaraziz eta abar. Guzti horren aurrean, egoera zaurgarrienean eta inolako aukera eta eskubiderik gabe daudenen interesak defendatu behar ditugu, hain zuzen, etxebizitza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izatea.

Zeintzuk dira aurrera begirako erronkak?
Gure helburua, etxebizitzaren inguruan ematen diren arazoen aurrean autodefentsa sozialista antolatzea da. Indarrak klase elkartasunez antolatu behar ditugu, hau da, inork etxebizitzaren inguruan arazorik ez izateko bakoitzak bere ekarpena eginez, norberaren interes pertsonaletik harago. Etxebizitza guztientzat bermatuta izatea da defendatzen duguna, kalitatezkoa, doakoa, eta unibertsala izango dena, hori baita inork inoiz etxegabetzerik edo bestelako arazorik ez izateko berme bakarra. Dena den, jakitun gara hau gizarte kapitalistan ezinezkoa dela eta aldarri hau bermatu ahal izango duan gizarte eredu sozialista da eraiki beharrekoa, Estatu Sozialista, hain justu. Zentzu honetan, Etxebizitza Sindikatuan parte hartzeko deia zabaltzen dugu, baita larunbatean 11:00etan kultur etxean emango den aurkezpen hitzaldira gerturatzeko gonbidapena luzatu ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!