Eskualdeko 14 herritan energia-komunitate berriak sortuko dituzte

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 7a, 11:58

2,8 milioi euro bideratuko dituzte Gipuzkoan 22 energia-komunitate berri sortzeko; udazkenean eratuko dituzte, eta datorren urteko udan martxan izatea aurreikusi dute.

Edinor eta Viuda de Sainz enpresek irabazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren lehiaketa tokiko 22 energia-komunitate berri abiarazteko. 2,8 milioi euro bideratuko ditu aldundiak lurraldeko bost mila biztanletik beherako 20 udalerritan komunitateak abian jartzeko.

Tokiko energia-komunitate berriez baliatuko diren auzotarrak eta merkatariak Abaltzisketa, Aizarnazabal, Alegia, Alkiza, Altzaga, Amezketa, Arama, Asteasu, Bailarrain, Beizama, Berastegi, Elduain, Ikaztegieta, Irura, Leaburu, Lizartza, Olaberria, Orendain, Ormaiztegi eta Zizurkil udalerrietakoak izango dira.

Proiektuaren barruan, 47 instalazio fotovoltaiko egingo dituzte, horiek 1,1 MW sortuko dituzte eta 2.000 etxe baino gehiagori eta denda txikiri energia emango dietela aurreikusi dute. 22 energia-komunitate berriak udazken honetan eratuko direla esan dute, neguko hilabeteetan instalazioak gauzatuko dituzte eta tokiko energia-komunitate berriak datorren urteko udan jarriko dituzte martxan.

Tokiko energia-komunitate berri horiek Edinorrek diseinatutako TEK (Tokiko Energia Komunitateak) ereduari jarraituko diote. Eredu horrek energia berriztagarriaren autokontsumo partekatua dakar, eta, kasu honetan, ekimenean parte hartzen duten udalek utzitako eraikinen estalkietako instalazio fotovoltaikoetatik abiatuta egingo da. «Hala, instalazio fotovoltaikotik 1.000 metrora dauden auzotarrak eta merkatariak komunitateko bazkide egin ahalko dira eta abantaila guztiak izan ahalko dituzte, hala nola, 0 km-ko energia, % 100 berriztagarria eta %25eko murrizketa faktura elektrikoan», azaldu dute Edinor enpresatik.

Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimen honi emandako laguntzari eta parte hartzen duten udalen lankidetzari esker, tokiko energia-komunitate horiekin elkartzen diren etxebizitzek eta saltokiek ez dute inolako kopururik ordaindu beharko instalazioak gauzatzeko, eta, beraz, doan izango dute beren herriko eraikin publikoen estalkietan jarritako eguzki-plakek sortzen duten energia. Horretarako, Energiaren Euskal Erakundeak eta proiektu honi finantzaketa eman dioten Next Generation EB funtsek ere lagundu dute.

Edinorretik esan dutenez, Gipuzkoa estatu mailan komunitate energetikoen garapenean buruan dagoen lurraldea. «Europako zuzentarauek arautzen dutenak funtsezko zeregina izan behar du herritarrek eta toki-erakundeek energia-trantsizioan parte hartzeko eta hiri-inguruneak eta komunitate iraunkorrak lortzeari buruzko Garapen Jasangarriko Helburuak lortzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!