«Eskerrak puntua irabaztea lortu dugula»

Imanol Garcia Landa 2022ko abe. 6a, 21:04

Xabier Tolosak lehen puntua lortu du Binakako Pilota Txapelketan, partida oso gogorrean. Danel Elezkanorekin batera 22-21 irabazi diote Peio Etxeberria eta Rezustari, Beotibar frontoian. Promozio mailan, Martxel Iztuetak bere lehen partida irabazi du, aurkari Iker Elizegi izan duen neurketan.

Leher eginda bukatu du partida Xabier Tolosa anoetarrak: «Sufritu latz egin dugu. Partida oso gogorra izan da. Behintzat puntua irabaztea lortu dugu eta honek aurrera begira indarra emango digu. Eskerrak puntua irabaztea lortu dugula, bestela gaurko palizak luzera begira ez du mesederik egiten. Sufritu dugu, baina behintzat puntua irabazita goaz». Gaurko partida garrantzitsua zela gaineratu du Tolosak, baina hurrengo bi partidak ere oso garrantzitsuak izango direla azaldu du. «Txapelketa oso luzea da, baina puntu bat lortzea garai hauetan beti da mesede».

Tolosak Jokin Altuna amezketarrarekin osatzen du bikotea, baina lesionatuta dago, eta oraindik ez du parte hartu txapelketan. «Ea larunbtaean partida jokatzeko aukera duen. Baina garrantzitsua osasuna da, ondo sendatu dezala eskua. Berak ez badu jokatzen Danelekin oso bikote ona egiten dugula iruditzen zait, eta larunbaterako Danelekin jokatu behar badut oso pozik jokatuko dut».

Altuna III.a frontoian izan da ikusle moduan, eta gustura zegoen puntu bat lortu duelako bera titular den bikoteak. «Pixka bat urduri ikusi dut partida, irabazteko aukerak ikusten nituelako hasieratik, nahiz eta atzetik joan. Xabik partida oso ona egin du eta Danelek bigarren zatian asko asmatu du, eta oso puntu garrantzitsua da», azaldu du amezketarrak. Larunbatean jokatzeko moduan izango ote den galdetuta, eskua hobeto ikusten duela dio: «Aste honetan hobekuntza nabaritzen ari naiz. Orain arte ez dut hori nabaritu eta gaur behintzat hobeto aurkitzen naiz. Ostegunean egingo dut proba bat eta ea larunbaterako prest nagoen». Larunbateko partida hori Labriten jokatuko da, eta aurkariak Ezkurdia eta Martija izango dira.

Markagailuari buelta emanez

Beotibarren jokatu den gaurko jaialdian, hirugarren neurketan promozio mailako txapelketako partida izan da jokoan, eskualdeko bi atzelarirekin: Martxel Iztueta tolosarra eta Iker Elizegi asteasuarra. Iztuetarentzat lehen puntua izan da gaurkoa txapelketan, eta Elizegik oraindik ez du partidarik irabazi. Azken markagailua 22-20 izan da Alberdi-Iztueta bikoaren alde, Zubizarreta III-Elizegi bikotearen aurka. Markagailuari buleta ematea lortu dute gorriek, 10-12 eta 14-18 galtzen joan baitira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!