Danok Danena, Gipuzkoako txapeldun

Ataria 2022ko abe. 7a, 07:58

Larunbatean, Gipuzkoako Taldekako Txapelketa jokatu zen Zarautzen. Eskualdeko pultsulariak onenak izan ziren mutiletan eta nesketan. 

Pasa den larunbatean, abenduak 3, Gipuzkoako Taldekako Txapelketa jokatu zen Zarautzen. Bertan, Danok Danena taldeko 9 pultsulari izan ziren, hiru mutil eta sei neska: Pablo Ucero, Andres Rubiños, Ekain Dominguez, Elena Mangas, Allison Rivera, Amaia Blanco, Izarne Marko, Daniela Perez eta Zaloa Iturbe.

Bai mutilen taldea, baita neskena ere, Gipuzkoako Txapeldun izan ziren. Bertaratu zirenetatik, Ucerok, Dominguezek, Blancok eta Markok egindako lana azpimarratu dute klubeko prestatzaileek. Dominguezek, gainera, txapelketako markarik onena ezarri zuen.

Eki Lizasok, marka berriak
Azaroaren 25ean, Halterofiliako Espainiako Errege Kopa (Espainiako Kluben arteko txapelketa) jokatu zen Ourensen (Galizia). Hasiera batean, Danok Danena taldeak ez zuen bertan parte hartu behar, sailkatze fasean gutxieneko puntuazioa lortu ez zuelako. Azkenean, baina, bertan egoteko aukera izan zuen, eta parte hartzea erabaki zuen, pisuzko bi arrazoi tarteko: «Bata, Eki Lizaso pultsulari gazteak, 17 urtez azpiko Espainiako errekor berriak ezartzeko aukera izatea, eta bestea, taldeko pultsulariak urtean zehar lanean gogor eta jarraikortasunez aritu izanaren aitortza eta saria».

Guztira, eskualdeko taldeko sei pultsulari joan ziren Galiziako hirira: B taldeko Jon Rodriguez, Urtzi Lusarreta eta Jon Kepa Cortajarena, eta A taldeko Eki Lizaso, David Rubio eta Ekaitz Cortajarena. Azken hau, barra altxatzen aritzeaz gain, entrenatzaile ere izan zen txapelketan. Azkenean, 11. postuan sailkatu zen Danok Danena; taldearentzat, baina, emaitza zen gutxienekoa.

Eki Lizasok, bere aldetik, 17 urtez azpiko hiru marka berri ezarri zituen, bi kategoriatan: abiadan 122 kilo eta 126 kilo jasota, eta total olinpikoan 275 kilo jasota. «Pena izan zen akats txiki batengatik bi denboratako kategorian marka berria ezarri ez izana», adierazi dute prestatzaileek. Hala ere, beste aukera bat izango du urtea amaitu aurretik. Abenduaren 17an, Arucasen (Kanariar Irlak) izango baita, 17 urtez azpiko Espainiako Txapelketan; Ekaitz Cortajarena izango da bere entrenatzailea.

Urteari amaiera emateko, hilaren 18an, igandea, Zizurkilgo Kirol Astearen barruan, Nesken II. Egarri Trofeoa jokatuko da. Plazako estalpean izango da txapelketa eta 12:00etan hasiko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!