Julen Alberdik Ogi Berri Txapelketako finala jokatuko du

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko abe. 6a, 19:59

Zizurkildarrak eta Aldavek 22-14 irabazi diete Arteaga eta Lizeagari, gaur, Beotibarren, elite mailako finalerdian. Igandean izango dira txapelketako finalak, 10:30etik aurrera. 

IX. Ogi Berri Txapelketa, Migel Soroaren Oroimenezkoa, azken txanpan sartu da. Lehen hiru finalerdiak igandean jokatu ziren; beste hirurak, berriz, gaur.

Elite mailan, Eneko Labaka albizturtarrak eta Apezetxeak 17-22 galdu zuten Canabal-Garmendiaren aurka, igandean. Gaur, Julen Alberdi pilotari zizurkildarrak finalerako txartela lortu du. Aurrera Tolosa elkarteko aurrelariak, Oberena elkarteko Aldaverekin jokatu du. Amasa-Villabonako Behar Zana elkarteko Asier Arteaga eta Lizeaga (Iruritaren ordez jokatu du) izan dira Alberdi eta Aldaveren aurkariak.

Partida gogorra eta luzea izan da, batez ere, lehen tantoetan. Hirunako, launako, seinako eta zortzinako berdinketak izan dira markagailuan. Bi bikoteak maila onean ari ziren jokatzen, baina inork ez zuen lehen alde nabarmena lortzen. Partida erdialdera, urdinek aldea handitzea lortu eta nagusi izan dira partida amaierara arte: 22-14. Aldavek partida oso ona jokatu du.

Lehen mailan, Fernandez-Olidenek 22-11 irabazi zien Zubizarreta-Erleri, igandean. Atzo, eskualdeko beste bi pilotarik agur esan zion txapelketari. Aurrera Tolosa elkarteko Aitor Altunak eta Gorka Ugartemendiak 13-22 galdu zuten De la Fuente (Irurtzun) eta Lizeagaren (Mundarro) aurka.

Lehen zatian nagusi izan ziren urdinak, eta 3-11 aurreratu ziren markagailuan. Hurrengo tantoan, Lizeagak zauria egin zuen eskuin eskuan, eta hurrengo tantoetan ez zen guztiz eroso aritu. Gorriek partida orekatzeko aukera izan zuten; 13-16 gerturatu ziren markagailuan. Hala ere, Lizeagak konfiantza berreskuratu zuen, eta eskualdeko pilotarien akatsak tarteko, urdinek ez zieten tanto gehiago egiteko aukerarik eman; 13-22 amaitu zen partida.

Etorkizuneko pilotarien mailan, Amianok eta Peñalverrek 22-20 irabazi zieten Rekalderi eta Belokiri, igandean. Atzo, Apezetxeak (Erreka) eta Landak (Oiarpe) 22-18 irabazi zieten Aranbarriri (Azkoitia) eta Telleriari (Lapke).

Igande honetan, hilak 11, jokatuko dituzte finalak Tolosako Beotibar frontoian. 10:30ean hasiko dira, eta ondorengoak izango dira partidak: lehen mailan, Fernandez eta Oliden, De la Fuente eta Lizeagaren aurka; elite mailan, Canabal eta Garmendia, Julen Alberdi eta Aldaveren aurka; eta etorkizunekoen mailan, Amiano eta Peñalver, Apezetxea eta Landaren aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!