Jon Ander Peña bi bikote nabarmenduenen artean

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 5a, 15:59

Binakako Txapelketaren bigarren jardunaldiko hiru partida jokatu ziren asteburuan. Laugarrena bihar jokatuko da Tolosako Beotibarren, eta Jokin Altuna ez da izango bertan.

Amezketarrak lesioarekin jarraitzen du eta bere lekua, berriro, Elezkano II.ak hartuko du, Xabier Tolosarekin bikotea osatuz. Aurkariak Etxeberria-Rezusta izango dituzte. Jaialdia 17:00etan hasiko da eta promozio txapelketako bi partida ere jokatuko dira. Horietan Elizegi asteasuarra eta Iztueta tolosarra egongo dira. 

Asteburuko partidetan bi bikote nabarmendu dira. Lehen jardunaldian bezala garaipena lortu dute Elordi-Zabaletak eta Peña II-Mariezkurrenak. Garaipenaz gain emaitzak egiten ditu nabarmen bi bikote hauek. Larunbatean, Lizarran, Jaka eta Aranguren 10ean utzi zituzten Jon Ander Peñak eta Mariezkurrena II.ak. Elordi eta Zabaletaren marka oraindik eta handiagoa da. Lehen bi partidetan 12 tanto bakarrik egin dizkie aurkariek. Ostiralean, Amorebieta-Etxanon, Ezkurdia-Martija 5ean utzi zituzten. 

Hirugarren jardunaldia ostegunean hasi eta igandean amaituko da. Peña II.ak Bergaran jokatuko du hilaren 8an, Mariezkurrena II.a lagun, Laso-Imazen aurka. Erik Jaka Laudion egongo da igandean, Aranguren atzean duela, Urrutikoetxea-Albisuren aurka. Xabier Tolosa, Altuna III.arekin edo gabe, Iruñan, egongo da larunbatean. Aurkariak Ezkurdia-Martija izango dira.

Binakako EPEL Txapelketako ligaxka

  Pilotariak Jok. Ira. AT KT Koef.
1 ELORDI - ZABALETA 2 2 44 12 32
2 PEÑA II - MARIEZKURRENA II 2 2 44 25 19
3 LASO - IMAZ 2 1 41 43 -2
4 URRUTIKOETXEA - ALBISU 2 1 37 41 -4
5 EZKURDIA - MARTIJA 2 1 27 42 -15
6 P.ETXEBERRIA - REZUSTA 1 0 20 22 -2
7 JAKA - ARANGUREN 2 0 31 44 -13
8 ALTUNA III - TOLOSA 1 0 7 22 -15

Gaurko Tolosako jaialdia, 17:00etan

  • Binakako Promozio Txapelketa: Egiguren V-Erostarbe vs. Exposito-Bikuña.
  • EPELen Binakako Txapelketa: Elezkano II-Tolosa vs. P. Etxeberria-Rezusta.
  • Binakako Promozio Txapelketa: Alberdi-Iztueta vs. Zubizarreta III-Elizegi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!