Sektoreko langileentzat baldintza duinak bermatzen dituen aurreakordioa lortu du LABek Gipuzkoako grafikagintzan

Ataria 2022ko abe. 2a, 13:39

Gaur sinatu dute Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmenaren aurreakordioa; sektoreko langileen eros ahalmena bermatzea lortzeaz gain, zenbait hobekuntza lortu dituzte.

Eros ahalmena bermatzea lortzea «ezinbestekoa» izan dela azpimarratu dute, «bizitzaren garestitzea denon poltsikoetan sumatzen ari garen honetan». Hobekuntzei dagokienez, genero berdintasunean aurrerapausoak ematea, lizentzietan, bikote konbentzionaletatik haratago, famili eredu ezberdinen kontzeptua txertatzea eta ABLEren bitartez modu prekarioan lan egiteari behingoz mugak jartzea lortu dute.

LAB Sindikatuak adierazi duenez, «mobilizazioei esker» lortu dute hitzarmen duina. «Ahalegin handiak egin ditugu gure indarrak hitzarmen duin baten alde biltzeko, lau egunetako greba eta hainbat mobilizazio burutuz. Eta ahalegin hauek ez dira alferrikakoak izan; bere emaitzak eman dituzte».

Langile batzarretan berretsi beharko badute ere, ondorengoa jasotzen du aurreakordioak:

  • Soldatei dagokienez, %4,5eko igoera 2022rako, %4koa 2023rako, %2,5ekoa 2024rako eta %2,5ekoa 2025erako. 2026. urteko tauletan soldatak honela eguneratuko dira: urte hauetan izango den KPIaren batuketaren eta urte hauetan igotakorenaren ( %13,5) arteko aldearen portzentaia 2026ko tauletan txertatuz, modu kontsolidatu batean.
  • Berdintasun batzorde bat sortuko da eta honekin batera jazarpen protokoloa jasoko da.
  • ABLE bidezko kontratazioak, gehienez, 6 hilabeteko muga izango du.
  • Heriotza, gaixotasun larria, ospitalizazioa, baita boxetan ingresatzeagatiko kasuetan ere, lizentzia hau hartzeko eskubidea izango da, bi urteko elkarbizitzarekin.

Sindikatuaren esanetan, testuinguru sozio-ekonomiko ziurgabea, lehengaien eta argindarraren garestitzea edo lan kargen gutxitzea izan dira patronalaren argudio nagusiak negoziazio mahaian aurrerapausorik ez emateko eta prozesua denboran luzatzen uzteko. «Langileok beldurtuta, etsita eta burumakur nahi gaituzte, baina ez dute lortu».

Gaurko aurreakordioa langile batzarrek berresten badute, abenduaren 21ean sinatuko dute hitzarmena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!