ELKARRIZKETA

«Euskara oso presente zegoen XIX. mendean Tolosaldean»

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 28a, 19:59

'Euskararen historia soziala Tolosaldean' ikerketa egiten ari da filosofo albizturtarra; hiru zatitan banatu du lana; iaz aurkeztu zuen lehen zatia, eta bihar aurkeztuko du bigarrena, 18:30ean, Villabonako Subijana etxean.

Galtzaundi Euskara Taldean sortutako ideia bati tiraka ari da lantzen euskararen historia soziala, eskualdeko mugetan, Haritz Azurmendi (Albiztur, 1991). Joseba Tapia musikariarekin batera aurkeztuko du bigarren zatia, bihar, 18:30ean, Villabonako Subijana etxean.

Ikerketaren lehen zatian 1936az gerozko egoera aztertu zenuen. Ze garaitan kokatu duzu bigarrena?

1936tik hasi eta ehun urte atzera eginda aritu naiz. Lehen gerrate karlistatik 36ko gerrara, hau da, 1833tik 1936ra.

Urte asko dira. Hartutako lana ere halakoa izango zen.

Ikerketa planteatzerakoan konturatu ginen eremu zabala hartzen ari ginela, baina baita ere pentsatu genuen aukera aprobetxatu behar zela, ahal den guztia arakatzen hasi eta gerora bideak zabalduta uzten hasteko.

Tolosaldera mugatutako lana ari zara egiten.

Hori zen ikerketaren asmoa, bai. Nahitaez, ordea, beti jotzen duzu plano nazionalera edo herri konkretuetara. Eskualdeko zerbait garatzeko euskarriren bat topatzen duzunean, nazio mailako erakundeek laguntza eman badute, erakunde horien testuingurua ere kontatzen duzu, eta aldiz, eskualdeko logikak ulertzeko, herriren bateko gertakari konkretuak interes bereziren bat badu, horri ere garrantzia ematen diozu.

36ko gerra aurretik nolako egoera zuen euskarak Tolosaldean?

XIX. mendea eta XX.aren hasiera nahiko kontraesankorrak izan daitezke lehen begiratuan. Alde batetik, denok ezagutzen ditugun egiturazko aldaketak daude: industrializazioa, trenak eta bestelako garraiobide modernoek ekarri zutena, bilakaera demografikoa... Baina, badaude 100 urtean ia ezer aldatu ez diren eremuak: elizak indar handia du, presentzia sinboliko handia dauka; baserri giroa ere herrietan oso sartuta dago, bai landa eremuko herrietan eta baita Tolosa edo hiriago diren lekuetan ere. Orokorrean, esango nuke, euskara oso presente zegoela Tolosaldean XIX. mendean eta XX. mende hasieran.

Gero, eremuka aldatzen dela ere ikusi dut, klase sozialei begira ere zertxobait aldatzen da, baina, esango nuke, bai eremu guztietan, bai klase sozial guztietan euskara presente zegoela, indar edo funtzio desberdinekin.

Aurreko txandan elkarrizketa bidez jaso zenuen informazioa. Nola landu duzu orain?

1936 baino lehen jaiotako jende gutxi dago testigantza emateko moduan. Bazeuden testigantza batzuk jasota, Ahotsa.eus-en, adibidez. Horiek hartu nituen, eta gero, otsailean egin genuen Tolosako lehen ikastolaren mendeurreneko ospakizun hartan, 36ko gerra aurreko zenbait ikaslerekin iritziak trukatu nituen. Baina, batez ere, lan bibliografikoa eta artxiboko lana egin dut.

Nora jo duzu?

Gaur egun, artxibo dezente daude digitalizatuta, eta horrek aukera eman dit Tolosaldea bezalako eremu zabal hau bulegotik ikertzeko, banan bana herrietako artxiboetara joan gabe. Bestetik, batez ere kultur erakundeetara jo dut, Eusko Ikaskuntza eta antzeko erakundeetako artxiboetara, hor ere informazio asko zegoelako, eta argazki eta antzeko elementuak lortzeko lana aurreratuta zutelako.

Aurreko zatiarekin alderatuta, lan desberdina beraz.

Aurreko zatiak bizirik zegoen jendearekin elkarrizketak izatea eskatzen zidan. Gainera, aurreko epealdia gehiago kontrolatzen nuen, aurreko ikerketetatik ezagunagoa zitzaidalako. 1833tik 1936rako epealdi hau ere ezaguna zitzaidan, baina testuinguru historikoan lan gehiago egitea eskatu dit. Ikerketa historikoak dira guztiak, baina lan ezberdina eskatzen dute, eta emaitza ere desberdina da. Azken honetan, beste ikertzaile askok egin dituzten lanez gehiago baliatu naiz, aurrez aurreko elkarrizketez baino.

Eta hirugarren zatirako ze asmorekin zabiltza?

1833tik atzerakoari helduko diot. Pista batzuk baditut, eta batekin eta bestearekin hitz egitean seguru nago bestelako pista eta eremuak aterako zaizkidala ikertzeko. Egia esan hau izango da gutxien kontrolatzen dudan garaia, beraz, honetan ere testuinguru historikoa ikertu beharko dut lehenik, eta gero etorriko naiz eskualdera, emaitzen bila.

Hurrengo urterako prestatu nahi duzu?

Bai urtebete hartuko dut azken zatia ikertzeko. Eta behin aurkezpena eginda, ikerketa osoa zabaltzeko euskarriak eta bideak jorratzen hasiko naiz.

Biharko aurkezpenean Joseba Tapiarekin ariko zara.

Ilusio handia egiten dit. Tapia etorriko da garai hartako bertsoak eta ondu zituen abestiak kantatzera. Ikerketa honen soinu banda izan dira disko horiek, nahi gabe ere atzean jarri eta askotan entzuten nituelako. Nire sermoia etengo du tarteka, bertso batzuk kantatzeko, eta luxua izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!