'Emakumea eta itsasoa' bideo lehiaketa eskualdeko ikasleentzat

Ataria 2022ko aza. 28a, 15:36

Argazkia: Arantxa Arsuaga

DBH 3ko eta DBH4ko ikasleek parte hartu ahalko dute lehiaketan, hirunakako taldeetan. Gehienez ere 5 minutuko bideo bat aurkeztu beharko dute urtarrilaren 30a baino lehen.

2022an bete dira 25 urte Dina Bilbao Barruetabeña Karibeko itsasoan desagertu zela. Nairobitarrak eta Antxon Bandres Bidaiarien Txokoak ekimen berezia aurkeztu dute, Tolosaldeko 14-16 urte bitarteko ikasleei zuzendutakoa.'Emakumea eta itsasoa' gaitzat  hartuta, bideo bat aurkeztu beharko dute hirunakako taldeetan. Antolatzaileek ideia batzuk ere eman dituzte: «Izan liteke elkarrizketa bat emakume saregile bati edo emakumezko surflari bati, esketx bat, irudiz lagundutako bertso-sorta kantatu bat… Horiek adibide batzuk baino ez dira; parte-hartzaileen irudimena eta sormena izango dira muga, beti ere gaiari lotuta badaude».

Lanak bideo-formatuan aurkeztu behar dira, eta bi bide daude horretarako: 685709287 telefono zenbakira bidalita edota info@nairobitarra.eus helbide elektronikora igorriz. Parte hartzeko epea 2023ko urtarrilaren 29an amaituko da. Parte hartzen duten lan guztiekin emanaldi bat egingo da gero, otsailaren hasieran, Tolosako kultur etxean, eta antolatzaileek bi gustukoenak hautatuko dituzte sari nagusia eskuratzeko. Bi talde saridunen izenak Tolosako Mendi Tour jaialdian jakinaraziko dira, eta bien lanak erakutsiko dira han.

Saria

2023an 40 urte beteko dira Dina Bilbao Muskizetik Baionara piraguan joan zela, eta orduan hark uretatik bezala, lehorretik egin ahal izango dute tarte bera bi talde saridunek, Nairobitarrako lagunekin ekainaren amaieran. Bidean, hainbat lagun eta toki ezagutu ahal izango dituzte: Urdaibai, Ondarroako arraun-taldea, Zumaiako flyscha eta Beduola ontziola, Donostiako itsas museoa, Pasaiako Albaola itsas faktoria, Itxaro Borda idazlea…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!