Oneka plataformak esan du adineko emakumeei, batzuei besteei baino gehiago, egokitu zaiela «gobernu faxista» baten inposatzea bizitzea. «Gobernu horrek debekatu egiten zigun pertsona gisa gure eskubideak garatu ahal izatea eta gure lanpostuetatik etxera bidaltzen gintuen ezkontzeko unean, etxeko nagusiaren atsedena zaindu eta seme-alabak edukitzeko».
Nabarmendu du kendutako eskubide guzti horien ondorioz, Hego Euskal Herrian 363.000 emakume nagusi daudela diru sarrera propioak izateko eskubiderik gabe, «gizartea gure lanaren onuradun izan denean». Horrek administrazioei inbertsioetan aurreztea ekarri diela gehitu du, horrela haurtzaindegietan eta adineko arreta zerbitzuetan behar baino gutxiago inbertitu dutela nabarmenduz.«Gure ustez, bidegabekeria handi horrek ordaina eskatzen du: pentsio propio bat jasotzea». Esan du pentsioetan %32,5eko aldea dagoela kotizaziopeko eta kotizazio gabekoen artean, «hori indarkeria instituzionala, matxista eta patriarkala da». «Egun honetan eta egunero aldarrikatzen dugu osasunez, duintasunez eta askatasun osoz, indarkeriarik gabe bizitzeko dugun eskubidea».