Circet Cableven enpresako langileak greba mugagabean

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 25a, 12:17

Villabonako enpresako langileek euren baldintza «gizagabeak» salatu dituzte. Grebarekin amaitzeko bost puntuko aldarrikapena aurkeztu dute ELA sindikatuaren egoitzan.

Astelehenean, azaroaren 21ean, greba mugagabeari ekin zioten Circet Cableven enpresako langileek, ELA sindikatuak deituta. Ondorengo zergatiak azaldu dituzte: «Adostutakoa ez betetzeagatik, jasaten ditugun abusu etengabeengatik, etengabeko mehatxuengatik eta langile bat, lan taldeko emakume bakarra, kaleratzeagatik».

Circet Cableven enpresak Vodafone konpainiarentzat egiten du lan, telefono kableak instalatzen edo konpontzen. Langileen esanetan, «950 euro» kobratzen dituzte hilabetean, oinarrizko soldata gisa. Horri, ordainsariak, «tranpa bat diren» ekoizpen-plusak eta asteburuetako lanorduak gehitu behar zaizkie, «eta hala ere ez gara 1.500 eurotara iristen kasu askotan», adierazi dute.  

Greban dauden langileek lan jardunaldiak «gehiegizkoak» eta «gizagabeak» direla salatu dute: «Egunean 10 ordu edo gehiagoz aritzen gara lanean. Batzuetan bazkaltzeko ere ezin izaten dugu gelditu. Asteburuko guardia abisuak ostiralean bertan ematen dizkigute, eta beraz, ezinezkoa egiten zaigu lan bizitza eta familia bizitza bateratzea».

Horrez gain, asteburuetan lan egitea tokatzen zaienean «miseria» batengatik egiten dutela salatu dute; «eta gainera, lor dezakegun produkzio-plusaren erdia enpresak hartzen du».

Materialarekin edozein galera izan ezkero, nominatik kentzen diela esan dute Circet Cableven enpresako langileek. Prestakuntza ere euren soldatatik ordaindu dutela argitu dute: «Enpresak ez du lana egiteko tresna egokirik ematen. Eskaintzen zaigun prestakuntza urria da, baliogabea ez esatearren. Prestakuntza hori gure lanalditik kanpo egin dugu, azkenean».

Bost puntu

Villabonako enpresako langileek grebari amaiera emateko ondorengo puntuak aurkeztu dituzte:

  1. Kaleratutako langilea berriz hartzea.
  2. Ezarritako lanaldiari egokitzen zaion lan-egutegia osatzea, legez ezarritako atsedenaldiak errespetatzen dituena.
  3. Kontratatzerakoan agindu zen soldata eta aparteko orduak kobratzea, behar izanez gero. Plusak kobratu ahal izateko abusuzko baldintzak ezabatzea.
  4. Lan taldearen egonkortasuna bermatzea. Gehienok 6 hilabete baino gutxiagoko antzinatasuna daukagu.
  5. Lan egiteko tresna egokiak izatea, eta baita beharrezko prestakuntza ere.

Greba eskubidea

Circet Cableven-eko langileek, azkenik, greba eskubideaz hitz egin dute: «Enpresa greba eskubidea urratzen ari da. Gure lana egitera beste lurralde batzuetatik ekartzen ditu langileak. Argi utzi nahi dugu hori behar den lekuan salatuko dugula».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!