253.700 euro bideratuko dituzte Tolosaldeko kirol-ekipamenduetarako

Ataria 2022ko aza. 25a, 10:59

Gipuzkoako Kultura eta Kirol Departamentuak 2 milioi euro eman dizkie Gipuzkoako zenbait udalerriri, lurraldeko kirol-instalazioak hobetzeko. Tolosaldean, bederatzi herritako proiektuetara bideratuko dute dirua.

Lurraldeko kirol-instalazioak hobetzeko, hiru laguntza-ildo daude: ohiko kirol-ekipamenduak ordeztea, lekualdatzea, birmoldatzea, handitzea eta birgaitzea, futbol-zelaiak izan ezik (1.000.000 euro); ohikoak ez diren kirol-espazioak egokitzea, herritar guztiek kirola egin dezaten errazteko (450.000 euro); eta futbol-zelaiak ordeztea, lekualdatzea, birmoldatzea, handitzea eta birgaitzea (500.000 euro).

Tolosaldearen kasuan, horrela banatuko dira 253.700 euroak:

  • 59.500 euro Iruran, zenbait kiroletarako espazioak egokitzeko.
  • 13.000 euro Zizurkilgo Intxaur frontoia zaharberritzeko.
  • 14.000 euro Ikaztegietako kiroldegian gimnasio berri bat egokitzeko.
  • 8.000 euro Larraulgo Murgilazpi frontoiko komunak, frontisa eta panel elektrikoa konpontzeko.
  • 31.000 euro Asteasuko Usarrabi kiroldegiko frontoia konpontzeko.
  • 21.500 euro Berrobiko eskolako frontoia eta kirol anitzeko kantxa birgaitzeko.
  • 8.900 euro Amasa-Villabonako Udal Pilotalekua margotzeko eta egokitzeko.
  • 30.600 euro Berastegiko kirol-jarduerarako oinezkoentzako eta txirrindularientzako bidea egokitzeko.
  • 65.000 euro kirol-espazioa eta aisiarako Amezketako Beltzaren plaza berrantolatzeko.
  • 2.600 euro Amezketako Mota eremuko aisialdi eta kirol eremua eraikitzeko.

Gaur egun, Gipuzkoan, helduen %75ek egiten du jarduera fisikoa erregulartasunez, eta emakumeen %72k. Bestalde, ikasleen %70ek Osasunaren Mundu Erakundeak eskatzen duen gutxieneko jarduera fisikoa egiten du (egunean ordubete, jarduera fisiko neurritsua edo bizia).

Horri dagokionez, Kultura eta Kiroletako diputatu Harkaitz Millanek adierazi duenez, «gure lurraldean kirol-ekipamenduen garapen-maila erabakigarria izan da biztanleen jokabide aktiboko ohituretan. Badakigu jarduera fisikoa egiteko hurbileko espazioak edukitzea biztanleriaren jarduera-mailetan eragina duen adierazle bat dela. Kirol-jardueratik harago, gure gizartearentzako lehen mailako zeharkako alderdietan ere eragiten du, hala nola osasunean, hezkuntzan, bizikidetzan, berdintasunean edo ekonomian».

Gipuzkoan 1.644 kirol-instalazio daude erroldatuta, eta horietatik 298 kirol-ekipamenduen oinarrizko sarean daude. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak oso zeregin garrantzitsua izan du Gipuzkoan kirol-ekipamenduen sare zabala lortzeko. 2004-2007 eta 2008-2011 aldietan garatu ziren ekipamendu planetan, lortu zen oinarrizko ekipamendu sarea ia osorik izateko helburua, eta ariketa fisikorako nahiz kirolerako area berriak sortzea izan zen hurrengo erronka, dela hiriguneetan, dela naturan, hartara herritar guztiek kirola eta ariketa fisikoa egin zezaten aukera zabaltzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2017-2020 aldirako Kudeaketa Plan Estrategikoak kirol-azpiegiturak birmoldatzeko, eraberritzeko, lekualdatzeko eta ordezteko plan bat aurreikusi zuen. Planaren helburua izan zen ordura arte eguneratu gabe zeuden edo partzialki eguneratu ziren ekipamendu zaharrak birmoldatzea, eraberritzea, ordeztea edo lekualdatzea. Herritar guztiek kirola egin ahal izatea bermatzera eta herritar guztiek kirol-jarduera fisikoa baldintza eta aukera berdinetan egin zezaten sustatzera bideratu zen plana.

Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen 2022 Planaren ardatz nagusia da kirol-ekipamenduen oinarrizko sarea mantentzea eta sendotzea, lehentasuna emanez dauden kirol-ekipamenduak birmoldatzeari eta erreformatzeari, osorik edo partzialki, bai eta ordezkatzeari edo lekualdatzeari ere, baldin eta haien helburua bada kirol-jardueraren ohitura berrietara egokitzea, kirol-zerbitzuen aukera zabaltzea edo kirol-zerbitzuak ematea kirol-esparru guztietan intentsiboki, berdintasunez eta balio anitzez erabiltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!