EH Bilduk 2 milioi euro lortu ditu Tolosaldeko proiektuetarako

Ataria 2022ko azaroaren 24a

Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu ondoren, Ibiur urtegia, Anoetako tren geltokia eta Gure Zirkua proiektuetarako erabiliko dute dirua.

Euskal Herria Bilduk akordioa lortu du Espainiako Gobernuarekin, hainbat proposamen adostu ondoren, eta honenbestez PSOE eta Unidas Podemoseko gobernuak aurrera atera ahal izango ditu aurrekontuak.

Akordio horren barruan, EH Bilduk eskualdearentzat berebiziko garrantzia duten proiektuetarako 2 milioi euroko partida bat adostu du Espainiako Gobernuarekin.

Tolosaldeko 57.000 biztanle inguru ur edangarriz hornitzen dituen Ibiur urtegirako 1,5 milioi euro lortu ditu alderdi soberanistak. «Urte luzetako aldarrikapenen ondoren, urtegiko inguru naturala berreskuratu, biziberritu eta egokitzeko lanen lehen fasea abiatuko du Espainiako gobernuak», esan dute EH Bildutik.

Bestetik, 200.000 euro bideratuko dituzte Anoetako tren geltokiaren bidegurutzean seinaleak eta hesiak jartzeko. Anoetako herritarrak eta Anoetako Udalak behin eta berriz eskatu dute konponbidea gune arriskutsu honentzat. «Anoetako geltokian hainbat ezbehar gertatu dira azken urteetan, tartean ezin dugu ahaztu, urrian trenak harrapatuta hil zen 18 urteko gaztea», adierazi dute.

Azkenik, Gure Zirkuak 250.000 euro jasoko ditu, «euskara ardatz hartuta, plazaz plaza hasi zuen bidea berme gehiagorekin eta erakundeen babesarekin egiten jarrai dezan».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!