Euskal Herriko Mugimendu Feministak bihar kalera ateratzeko deiarekin bat egin dute eskualdeko talde feministek eta Beldurraren eta kontrolaren aurrean, justizia feminista! Antolatuta gaude! lelopean mobilizazio ezberdinak egingo dituzte. Feministek ohartarazi dute antolatuta daudela eta indarkeria matxistei aurre egiteko autodefentsa feminista dutela tresnarik eraginkorrena. «Sareak eraiki, elkar zaindu, borroka komunak martxan jarri, ardurak hartu eta sistema aldatzeko moduak eraiki. Antolakuntza feministaz boteretuko gara».
Indarkeria matxista molde guztiak salatuko dituzte gaur-biharretan egingo dituzten ekitaldietan: indarkeria instituzionala, lan esparruan edo etxean ematen dena, baita heteroarautik ateratzerakoan emakumeek pairatu behar izaten dutena. Mugimendu feministatik udako jai giroan ziztaden inguruan gertatutakoa gogoratu dute: «Kontrol sozial etengabea, beldurrean oinarritutako mezuak eta poliziaren presentzia neurrigabea bizi izan ditugu, dena, berriz ere, arreta emakumeongan jartzeko».
Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna gizonezkoak interpelatzeko ere baliatuko dute. «Dagokien ardura hartzeko exijitzen diegu. Utz dezatela erasotzaile eta konplize izateari. Azaleko diskurtsoek ez dute balio praktikan ezer aldatzen ez bada».
Mezu hauekin beteko dira plazak bihar Tolosaldean. Elkarretaratzeak iluntzean egingo dira, baina bestelako ekitaldi asko izango dira herriz herri.
INDARKERIA MATXISTAREN AURKAKO EGUNA 2022
Azaroak 24, osteguna
- AMASA-VILLABONA
- 10:00. Guretzako jatorri anitzeko emakumeen bilgunea Subijana etxean.
- ANOETA
- 18:30. Euskara, feminismoa eta beste bidaide batzuk, Lorea Agirreren hitzaldia balio anitzeko gelan.
- ADUNA
- 18:30. Evaren alabak kale antzerkia herriko plazan.
- ALTZO
- 19:00. Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori aztertuko dute irakurketa tailerrean.
Azaroak 25, ostirala
- ABALTZISKETA
- 16:15. Abaltzisketako Txalburu eskolak deituta, elkarretaratzea egingo dute indarkeria matxista salatzeko, eskola ondoko plazan.
- ALBIZTUR
- 16:00. Eskolan, tratu onen inguruan role playing-a. Ondoren elkarretaratzea eskola aurrean.
- ALEGIA
- 19:00. Kontzentrazioa plazan.
- Ondoren. Bertsopoteoa, Maddi Aiestaran eta Maddi Ane Txoperena bertsolariekin, trikitiaz girotua.
- ALTZO
- 19:00. Elkarretaratzea plazan.
- ANOETA
- 19:00. Elkarretaratzea.
- Ondoren. Bertso afari feminista Maider Arregi eta Nerea Elustondo bertsolariekin, Kuku elkartean.
- BERASTEGI
- 18:30. Elkarretaratzea plazan.
- 19:00. Evaren alabak kale antzerki ibiltaria eliza inguruan.
- BERROBI
- 18:45. Kontzentrazioa udaletxe aurrean, 5 minutuko isilunea.
- 19:00. A ze parea! antzezlana Etxolan.
- Ondoren. Ostatuan pintxo-potea.
- BIDANIA-GOIATZ
- 19:00. Elkarretaratzea emakumeen kontrako indarkeria salatzeko, frontoi aurrean.
- IKAZTEGIETA
- 19:00. Lumineszenteak Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak eta erresilientzia historia zenbait aurkeztuko dituzte Igone Mariezkurrena kazetariak eta Irantzu Pastor argazkilariak udaletxeko erabilera anitzeko gelan.
- Ondoren. Elkarretaratzea.
- IRURA
- 18:00. Elkarretaratzea plazan.
- 18:15. Bertso saioa, kulturunean. Gai jartzailea Amaia Agirre izango da. Bertsolariak Alaia Martin eta Saioa Alkaiza.
- AIZTONDO
- 18:00. Karro-poteoa, Villabonako plazatik hasita.
- 18:45. Irridaka indarkeria jasaten duten emakumeen omenez.
- 19:00. Elkarretaratze ibiltaria (Zizurkil-Villabona).
- 19:30. Villabonako Berdura plazan A25 ekitaldia.
- 20:30. Pikoteo-karaoke-bertsoak, Villabonako Gaztetxean.
- TOLOSA
- 18:30. Itaiak deitutako manifestazioa Trianguloa plazatik abiatuta.
- 19:00. Tolosako Asanblada Feministak deituta manifestazioa Triangulotik abiatuta. Numen dantza eskolak emango dio hasiera ekitaldiari.