Eustat estatistika institutuak bost urtetik behin argitaratzen ditu datuak, hau da, datu aitortuak, eta urriaren amaieran argitaratu zituen euskarari dagozkionak. Orain, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bere herriei dagokion irakurketa egin du. Nabarmendu dutenez, udalerri euskaldunen kopurua igo egin da, eta Tolosaldean ere, udalerri guztiek jarraitzen dute udalerri euskaldun izaten, baina «kezka» sortzen duten datuak ere badira, euskaldunenei begiratuta, igoerarik ez baita eman.
Maier Ugartemendia leaburuarra da Uemako teknikaria, eta kezkatuta hitz egin du. «Oro har, ezagutzaren beheranzko joera eten egin da udalerri euskaldunetan, baina aurreko urteetako galera ez da berreskuratu, eta horrek ondorio nabarmenak ditu euskararen erabileran. Euskaldun-dentsitate handieneko udalerri gutxiago dago». 1991an 22 udalerrik zuten %80tik gorako ezagutza; 2021ean, ordea, 20 herrik dute %80tik gorako ezagutza.
Badirudi jaitsiera hori ez dela hain nabaria, baina galdu den hori ez dela irabazi da gakoa: «Elduain bat %100 euskaldun izatetik %90 izatera jaitsi denean, ezagutzan jaitsiera gelditu egin dela esan daiteke, eta jaitsi denetan ez da izugarrizko saltoa eman; baina, era berean, azken urteetako beherakada hori ez da berreskuratu. Aldiz, udalerri erdaldunenetan igo egin da ezagutza, Tolosa edo Amasa-Villabona kasu».
Lehen hizkuntza eta etxeko erabilerari begiratuz gero, ordea, jaitsiera nabarmena da, eta bereziki jaitsi da herririk euskaldunenetan edo arnasguneetan. Euskara da Tolosaldean herritar gehienen lehen hizkuntza (% 53), eta hamarretik ia batek gaztelaniarekin batera jaso du euskara etxean (% 8); % 39k erdarak dituzte lehen hizkuntza.
Esaterako, 1991. urtean, 20 herritan hamarretik zortzik zuten euskara lehen hizkuntza. Gaur egun, ordea, zortzi herritan bakarrik gertatzen da hori. «Asko da, eta horrek gero erabileran eragiten du. Zuk zein hizkuntza menderatzen duzun ondoen, erraztasun gehiago izango duzu eta erabilera handitzen du». Eta etxeko erabilerari begiratuz gero berdina gertatzen dela dio Ugartemendiak: «Etxeko erabileran gertatu da jaitsierarik nabarmenena, eta galera hori ez da eten oraindik».
1991n, %68ko ezagutzarekin, %50ekoa zen erabilera; 2021ean, %73ko ezagutzarekin, %43koa da. «Datua are esanguratsuagoa da laugarren gune soziolinguistikoan, euskararen indizea %80tik gorakoa duten udalerrietan. 1991an 22 udalerri ziren eta horietatik 18 herrik zuten etxeko erabileran %80tik gorako erabilera. 2021ean 20 herri ziren %80tik gorako ezagutza zutenak, eta 4 herri soilik dira %80tik gorako erabilera dutenak etxean.
Hemen euskararen transmisioa etxean bertan gertatzen dela argitu du; «lehen hizkuntza hori eta etxeko erabilera hori ez badute, geroko erabileran zuzenean eragiten du. Kaleko erabilera, oraindik ere, gehienetan etxeko erabilera baino handiagoa da, baina etxeko erabilera horrek gerora eragin egingo du kaleko erabileran». 1991n, %72ko ezagutzarekin, %54koa zen erabilera; 2021ean, %73ko ezagutzarekin, %41ekoa. Areago, %90eko ezagutzarekin, %81eko zen erabilera, 1991n; eta 2021ean, %84ko ezagutzarekin, %59koa da.
Hizkuntza batek bizirik iraun dezan beharrezkoak dituela arnasguneak dio: «Hizkuntza nagusi izango diren herri horiek, hizkuntza bizirik egongo dena, hizkuntza modu natural batean transmitituko diren herriak, azken batean euskaraz bizi diren herri horiek beharrezkoak dira euskararen biziraupenerako». Eta arnasgune diren herri horietan «bilakaera negatiboa» izaten ari dela nabarmendu du. «Horregatik dago kezka, eta herrietan bizi den kezka hori datuek islatzen dute».
«ERAGIN BEHARRA»
«Herrietan sumatzen da euskararen erabilera jaisten ari dela, ikastetxeetan ere gero eta kezka handiagoa dago, eta datu hauek hori berretsi baino ez dute egiten», dio Ugartemendiak. Hizkuntza politika «aurrerakoiak» behar direla, eta adostasuna beharrezkoa dela esan du; «eragin beharra dago, benetan duen balioa eta garrantzia emanaz euskarari». Herritarren kontzientziazioan jarri du gakoa: «Herri horiek udalerri euskaldunak dira, eta gaitasuna badago, beraz herritarren kontzientziazioan eragin behar da, gero erabileran eragin ahal izateko».
Herri gehienetan badela «gaitasuna» euskara gehiago erabiltzeko uste du Uemako teknikariak. «Baina, gure herrietan ere biztanleriaren ezaugarriak gero eta gehiago ari dira aldatzen; gero eta gehiago mugitzen gara beste herri batzuetara eta gero eta gehiago etortzen dira beste herri batzuetatik gurera».
Guzti horrek beste hizkuntza ohitura batzuk edukitzea eragiten duela dio: «Hautu bat egin behar da, eta kontzientzia aktibo bat ez badago euskararen erabileran beheranzko joeran eragiten du. Ikus-entzunezkoen kontsumoa dela, gure gizarte ohiturak, globalizazioa,... gero eta faktore gehiago daude ohitura horietan eragiten dutenak, beraz, ezinbestekoa da hautu bat egitea, hau da, euskararen aldeko hautua egitea», azpimarratu du Ugartemendiak. «Gaitasuna» dagoela ikusita, garrantzitsutzat du herritarrak kontziente izatea gertatzen ari denaz, «eta kontzientzia horren barruan, euskararen aldeko hautua egin».
EUSKARA GEHIEN, ESKOLAN
Bestalde, erabilera erraztasunarekin lotuta dagoela azaldu du: «gure udalerri euskaldunetako ikastetxeetan geroz eta gehiago dira erdaraz euskaraz baino gaitasun handiagoa dutenak». Eta, guztia lotuta dagoela dio: «azken batean, euskararen erabilerarekin dago lotuta, etxean jasotzen duzun lehen hizkuntza horretan erraztasun gehiago izango baituzu, eta erraztasun gehiago baduzu, gehiago erabiliko duzu».
Ikastetxeetan egiten dutela gehien euskara haurrek diote. «Nahiz eta ikastetxeetan kezkatuta egon, bertan erabiltzen dute gehien; etxean gutxiago egiten dute, eta gainera anai-arrebekin gehiago erabiltzen dute gurasoekin baino», argitu du teknikariak. Lehen hezkuntzan DBHn baino «askoz gehiago» erabiltzen dutela zehaztu du; «koskortzen ari diren heinean etxeko hizkuntza aldatu egiten da, eta azken batean etxeko hizkuntza gaztelania bilakatzen da».
Kezka mahai gainean jarrita bukatu du Uemako teknikariak: «Tolosa hein batean Tolosaldeko herrietako herritarrek euskaldundu dugu, eta orain Tolosaldea erdalduntzen ari bada, Tolosak ere denborarekin bide bera hartu lezake».