Eskualdeko lau pilotari, binakako txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 22a, 11:58
Argazkia: Aspe.

Altuna III.ak eta Tolosak elkarrekin osatuko dute bikotea. Jakak Arangurenekin batera jokatuko du, eta Peña II.ak Mariezkurrena II.arekin. Artola txapelketatik kanpo utzi dute.

Gaur aurkeztu dute 2023ko Eskuz Binakako Txapelketa, Iruñean. Bertan izan da Altuna III.a, Lau eta Erdiko Txapelketako final ahaztezina galdu ondoren. Aurten, ordea, ez da Martija izango bere atzelaria; Xabi Tolosa anoetarrarekin osatuko du bikotea amezketarrak. Aspe enpresako beste hiru bikoteak ondorengoak izango dira: Peio Etxeberria-Rezusta, Elordi-Zabaleta eta Ezkurdia-Martija (2020an txapeldun izan zen bikotea).

Ondorioz, Aspek Iker Irribarria eta Danel Elezkano utzi ditu kanpoan. Biek jokatu zuten azken binakakoa. Hain zuzen, Peio Etxeberriak eta Elordik bikotekide izango dituzten bi atzelariekin aritu ziren biak: Irribarria, Rezustarekin, eta Elezkano II.a, Zabaletarekin. Biak finalerdietako ligaxkan geratu ziren lehiatik kanpo.

Baikok ez du aldaketarik egin pilotarien zerrendan. Aurreko aldiko berdinak ariko dira. Ordea, bikoteak berriak dira: Jon Ander Peña tolosarrak Mariezkurrena II.arekin jokatuko du, eta Erik Jaka lizartzarrak, Aitor Arangurenekin. Laso-Imaz eta Urrutikoetxea-Albisu izango dira beste bi bikoteak.

Sistema berria

Sistemari dagokionez, berrikuntza bat dakar aurtengo aldiak. Finean, partida bat erantsi diote txapelketari; 66 jokatuko dira, hortaz. Honelakoa izango da sistema: lehenbizi, hamalau jardunaldi jokatuko dituzte, bi itzulitan banatuta. Lehen bi bikote sailkatuak zuzenean pasatuko dira finalerdietako ligaxkara. Hurrengo lau sailkatuek, berriz, kanporaketa jokatuko dute; hor dago aldaketa aurten.

Hirugarren sailkatua laugarrenaren aurka ariko da, eta bosgarrena, seigarrenaren kontra. Hirugarrenaren eta laugarrenaren arteko neurketan garaile aterako dena zuzenean sailkatuko da ondoko faserako. Dena dela, partida hori galtzen duenak beste aukera bat izango du: bosgarrenaren eta seigarrenaren artekoan irabazi duenaren kontra jokatuko du. Hortaz, orduan erabakiko da zer beste bikote sailkatuko den.

Finala, apirilaren 2an

Aurrera egingo duten lau pilotariek zain izango dituzte aurretik sailkatutako beste bi bikoteak. Lau bikoteek hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta bi onenak finalerako sailkatu dira. Apirilaren 2an jokatuko dute finala, Iruñean, Nafarroa Arena pilotalekuan. Aurreneko aldiz jokatuko dute Nafarroan maila nagusiko binakakoaren finala. Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu dituzte azkeneko hamabiak.

Igandean, Tolosan

Txapelketa ostiralean hasiko da, Azkoitian. Ezkurdia-Martija eta Peio Etxeberria-Rezusta ariko dira elkarren aurka. Larunbatean, berriz, Laso-Imaz eta Jaka-Aranguruen bikoteek jokatuko dute Bartzelonan; igandean, Tolosan, Urrutikoetxea-Albisuk eta Peña II.a-Mariezkurrena II.ak; eta asteazkenean, Eibarren, Altuna III.a-Tolosak eta Elordi-Zabaletak.

Lehenbiziko jardunaldiari begira, bada zalantza sortzen duen neurketa bat: Eibarkoa. Altunak jokatzea espero da. Ordea, joan den igandean, amezketarrak eskua minduta bukatu zuen lau eta erdiko txapelketako finala Joseba Ezkurdiaren aurka. Minez da oraindik ere, eta ikusteko dago, beraz, txapelketako lehenbiziko partida jokatzeko gai den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!