Judo Klub Tolosako bi bikoteak podiumera igo dira Iberiar Torneoan

Imanol Garcia Landa 2022ko aza. 17a, 11:59

Unai Saralegi eta Unai Regillaga bigarren sailkatu dira eta Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri hirugarren; klubarentzat lorpen nabarmena dela esan dute judokek.

Gero eta ezagunagoa egiten ari da Judo Klub Tolosa kata modalitatean, zehazki Nage No Kata izenekoan. Unai Saralegi tolosarrak eta Unai Regillaga amezketarrak osatzen duten bikoteak dagoeneko Munduko Txapelketan bi aldiz parte hartu dute, eta Europako Txapelketan zilarrezko bi domina lortu dituzte. Klubeko beste bikote bat, Joseba Regillaga amezketarrak eta Joseba Etxarri tolosarrak osatutakoa, orain urtebete hasi zen lehian eta aurrerapausoak ematen ari dira. Izan ere, asteburuan Caceresen (Espainia) egin den Iberiar Torneoan bi bikoteak podiumera igo dira: Saralegi-Regillaga bigarren izan dira eta Regillaga-Etxarri hirugarren.

Probari dagokionez, Unai Saralegik azaldu duenez, zozketarekin ez zuten zorterik izan beste behin eta hasieran atera ziren: «Egindako lanarekin gustura geratu ginen, eta sailkapeneko lehen postuan jarri ondoren, besteek egiten zutenaren zain geratu ginen». Regillaga eta Etxarri atzetik geratu ziren eta ondoren Extremadurako bikotea, Antonio Marinek eta Eduardo Ayalak osatutakoa, jarri zen lehen postuan. «Munduko Txapelketan brontzezko domina lortu dute azken bi urteetan, eta aurkari indartsuak dira. Orain ere irabazi digute, baina egindako lanarekin gustura geratu gara», esan du Saralegik.

Torneoan parte hartzea garrantzitsua zela azaldu du Joseba Etxarrik: «Ahal genuen dena eman genuen, eta ezustekoa hartu genuen Saralegi eta Regillagaren hain gertu geratzean, postu bat beherago. Azkenean, pozik lortutakoarekin, kontuan izanik Espainiako Txapelketan lehendabizikoak geratu zirenak laugarren egin zutela». Parte hartu zuten bikote guztiek normalean baino puntu gehiago jaso zituzten. «Ez zaigu gustatzen horrelako puntuazioak izatea», zehaztu du Saralegik, «aurretik egindako saioekin ezin duzulako behar bezala konparatu».

Iberiar Torneoa Espainiako Kopako proba bat da. «Ez da Espainiako Txapelketa bezain garrantzitsua, baina puntu batzuk banatzen dira gero Europako eta Munduko txapelketetara joango den selekzioa hautatzeko», esan du Saralegik. «Puntuak pilatzea ondo dator, gero ezustekorik ez izateko».

Regillagak eta Etxarrik urtebetean hobekuntza handia egin dute. «Bi Unaiek laguntza handia ematen digute, guri entrenatuz», esan du Etxarrik. Klubarentzako horrelako emaitza lortzea «zorionekoa» dela esan du Saralegik: «Kata ez da asko landu Euskadin, eta podium batean bi bikote sartu ditugu Espainia mailako lehiaketa batean. Bi Josebak oso lan ona egiten ari dira, baina oraindik presionatuko ditugu pixka bat gehiago hobetzeko». Otsailean izango dute hurrengo lehiaketa, Saralegi eta Regillaga Bruselara joango baitira Europako Kopako proba batean parte hartu eta, bide batez, Europako Txapelketa prestatzeko.

PODIUMAK BORROKAKOAN

Judo Klub Tolosako bi judokek podiumak lortu berri dituzte borrokako modalitatean eta senior mailan. Gipuzkoako Txapelketan, Zuriñe Tardio txaramarrak bigarren postua lortu zuen -70 kiloko mailan eta postu bera lortu zuen Markel Caballero tolosarrak -81 kiloko mailan. Tardio ere podiumera igo zen Euskadiko Txapelketan, hirugarren postua lortuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!