Zazpi bazkari egingo dituzte Bizilagunak ekimenaren barruan

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko aza. 17a, 19:59

Bizilagunak egitasmoak hamar urte betetzen ditu, eta eskualdean hamalau familia elkartuko dira, igandean; horiez gain, Zuloaga txikin familia gehiago elkartuko dira.

Hamargarren aldiz egingo da Bizilagunak ekimena, igandean, hilak 20, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako familiekin. Aurten, Tolosaldean hamalau familiak eman dute izena, eta zazpi bazkari izango dira, dinamizatzaile banak gidatuta.

Atzerritik etorri den jendeak eta hemen bizi den jendeak elkar ezagutzea du helburuetako bat Bizilagunak proiektuak. Horren bitartez, «migratzaileei begirako aurreiritziak eta estereotipoak puskatzea bultzatzen da, elkar ezagutuz», azaldu du Amaia Iturri Tolosaldea Garatzeneko Migrazioa arduradunak.

Izatez SOS Arrazakeria elkarteak sortutako eta bultzatutako ekimena da, eta eskualdean, Tolosaldea Garatzen arduratzen da lan hori aurrera eramateaz. «Migrazio sailetik elkarlanean egiten dugu», dio Iturrik. «Ekimena zabaldu, ezagutarazi, familien bilketa egin,...».

Elkartzeko tokia, beti etxea izan ohi da edo etxea izatea lehenesten dute. «Etxeko espazioa bilatzea da helburua konfiantza sortu ahal izateko, eta intimitatea lortzeko», azaldu du Migrazio saileko arduradunak.

Bertakoak eta etorri berriak elkartzen dituzte. «Baina bertakoak esatean, jatorriz agian beste herrialde batekoak izan daitezke, baina jada urte asko daramatzatenak hemen bizitzen», zehaztu du Iturrik. Familia zentzu zabalean ulertu behar dela azaldu du, hau da, lagunak ere izan daitezkeela.

ZULOAGA TXIKIN, BAZKARIA

Familia harrera eta familia bisitatzailea elkartzen dituzte, eta horretarako familien ezaugarriak begiratzen dituzte elkartuak izateko, baina familia guzti horiek hirugarren figura bat izaten dute: dinamizatzailea.

Dinamizatzailea familiekin harremanetan jartzen da aldez aurretik eguna bera ondo atera dadin, eta egunean bertan ere beraiekin egoten da, eta horrela bazkariaren testigantza jasotzen du.

Aurten, berrikuntza bat du egitasmoak eta Zuloaga Txiki aterpetxeak ere parte hartuko du ekimenean, eta bertan familia ezberdinak elkartuko dira. «Aukera eman dugu proiektua ezagutu nahi dutenek parte hartzeko, eta bertara bazkaltzera joango dira, eta jendea ezagutzeko aukera ere izango dute».

Dagoeneko etxeetako familiak lotuak dituzte, baina ekimena ezagutu nahi dutenek izena eman dezakete Zuloaga Txikira bazkaltzera joateko. Izena migrazioa@tolosaldea.eus helbide elektronikora idatzita edota Tolosaldea Garatzeneko 943 65 45 01 edo 646 057 080 telefono zenbakira deituta eman daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!