Egoeraren larritasunaren inguruan, denak ados

Ataria 2022ko aza. 16a, 16:20

'Kobazuloak eta zaborra' dokumental laburra atzo eskaini zuten Leidorren. Ondoren mahai ingurua egon zen, eta bertaratu zirenek euren ekarpenak egin zituzten.

Oargi Espeleologia Taldeak mahai ingurua antolatu zuen dokumental proiekzioaren ondoren. Eskualdeko herritar ugari elkartu ziren bertan, baita kanpotik etorritakoak ere. Gonbidapenari erantzunez, udal ordezkariak ere ekitaldian izan ziren. Besteak beste, Belauntzako, Alkizako eta Bidania-Goiatzeko alkateak eta Tolosako Ingurumen zinegotzia eta oposizio burua. Egon ez zena Pako Etxeberria izan zen, azken orduko hitzordu bat tarteko. Bere lekua Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak hartu zuen. Berarekin, oholtzan, Martin Mantxo ekologista, Uxue Lasa espeleologoa eta Eneko Agirre biologoa egon ziren.

Iñaki Alonso 'Indio'

Dokumentala amaitu bezain pronto, hizlariek Indio ekarri zuten gogora. Bere familia Leidorren zegoen, «hunkituta». Iñaki Alonso izan zen eskualdean kobazuloen eta zaborraren gaia publiko egin zuena 2018an. Hari horri tiraka egin dute dokumentala Oargiko kideek, Tolosaldeko Atariaren laguntzarekin. Dokumental laburra, beraz, Indioren oroimenezkoa da.

Adostasuna

Oholtza gaineko eta ikusleen arteko hizlariak ados agertu ziren egoeraren larritasunaz hitz egiterako garaian, eta errudunak bilatzen ibili baino arazoa konpontzeko beharra azpimarratu zuten. Inaki Irazabalbeitiak herri txikien zailtasunak azaleratu zituen, kobazuloak eta leizeak garbitzerako unean. Patxi Amantegik herri handiagoen mugak ere mahai gainean jarri zituen, arazo hau herri batena baino eskualde edo lurralde osoarena dela gogoratuz. Horregatik Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ezinbestekoa dela esan zuen. Hitzetatik haratago, lanean hasteko lehen urratsa zein izan beharko lukeen argi esan zuen Tolosako ingurumen zinegotziak: «katalogo bat egitea». Zaborrarekin dauden kobazulo eta leize zuloen zerrenda egitea ezinbestekotzat jo zuten bertaratuek. Puntu honetan ere ados agertu ziren. Baita garbiketa lana profesionalek egin beharreko zerbait dela esaterakoan ere. Beste hainbat gaiekin egiten diren sentsibilizazio kanpainak eremu hauetara eramatea ere ezinbestekotzat ikusi zuten.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!