Bihar abiatuko da Euskaraldia Hitzez ekiteko garaia lelopean. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra «ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz» ekingo diote parte hartzaileek eta hizkuntza ohiturak iraultzeko bi asteko ariketa prestatzen aritu dira batzordeak herriz herri azkeneko hilabeteetan. Amasa-Villabonako taldean parte hartzen du Nagore Arinek eta «animatuta» ikusten du jendea Euskaraldian parte hartzeko: «Hirugarren edizioa da aurtengoa eta ariketari berari bigarren arnas bat emateko aukera izango dugula uste dut».
Urria hasieran luzatu zuten Amasa-Villabonako Euskaraldiko batzordean parte hartzeko deia eta dozena bat lagun elkartu ziren bertara. «Aurrez elkarrekin lanean aritutako batzuk elkartu ginen, Euskaraldiko aurreko edizioetan, Korrika batzordean edo Euskararen Eguna antolatzeko taldean ibilitakoak, elkarrekin lan egitera ohituta gaude», esan du Arinek. Batzordea «askotarikoa» dela nabarmendu du, norbanakoekin batera, herriko eragile, udaleko ordezkari eta profil ezberdinetako jendeak hartu baitu parte. «Besteak beste, herriko ikastetxeetako ordezkariak, gaztetxekoak edota Irrika aisialdi taldekoak batu zaizkigu antolakuntzara».
Antzeko prozesua eraman dute Irurako Euskaraldiko batzordean ere. Iraila hasieran elkartu ziren lehen aldiz ariketa soziala prestatzen hasteko. Nora Iñurrita batzordeko kideak aipatu duenez indarrak neurtu eta zein ekarpen egin zezaketen erabaki zuten lehenik eta behin: «Noraino iritsi gintezkeen eta zein ardura hartzeko prest geunden ikusi eta helburu batzuk zehaztu genituen». Urria hasieran ekin zioten Irurako entitateekin harremanetan jartzeari Euskaraldian parte hartu zezaten. «Aurrez aurreko harremana egin genuen herriko dendari eta tabernariekin eta erantzun oso ona jaso dugu. Baldintza betetzen duten ia denek eman dute izena. Iruran enpresa handiagoak ere badaude eta haiekin posta elektronikoz jarri ginen harremanetan. Gehiago kosta zaigu haien baiezkoa lortzea». Orotara, 9 Arigune izango dira Iruran.
Amasa-Villabonan, berriz, 56 entitatek parte hartuko dute Arigune gisa egunotan. Arinen esanetan jarrera ona sumatu dute batzordetik haiengana jo dutenean: «Ez nuke esango inon jarrera txarra jarri digutenik, baina entitate batzuetan besteetan baino jarrera irekiagoa eta optimistagoa topatu dugu».
Herriak girotuz
Amasa-Villabonako batzordeko kideek «giro positiboa» sumatzen dute Euskaraldia hasteko atarian. «Guk antolatutako ekitaldietan parte hartuko dugu, txapak jantzita ibiliko gara, herria girotu eta hainbeste prestaketaren ondoren ondo pasatzen ere saiatuko gara». Bat etorri da Iñurrita ere: «Aurreko Euskaraldietako batzordeetan ere aritu naiz. Lehenengoarekin izugarrizko arrakasta lortu genuen. Bigarrenak pandemiarekin bat egin zuenez, giroa pixka bat hoztu zela iruditzen zait. Beraz, jendea aktibatu eta ilusio hori pizteko egunak izango hirugarrengo Euskaraldiko hauek».
Azkeneko astean herria girotzeko pankartak zintzilikatzen aritu dira batzordeetako kideak eta euskarriak banatu dizkiete Euskaraldian parte hartuko duten entitateei. Herriak girotzeko ekitaldiak ere egiten ari dira egunotan. Atzo, bakarrizketa saio bat antolatu zuten Villabonako Aljibean, eta gaur, adibidez, Euskaraldia abiatzeko txupinazoa botako dute Zizurkilen.
Egun hauetan asko izango dira batzordeetatik Euskaraldiaren harira eta ekimena laguntzeko antolatutako ekitaldiak. Eta behin amaituta, Euskararen Eguna baliatuko dute herri askotan ariketa sozialari amaiera puntua emateko. Iruran, adibidez, Irura Bizi elkartearekin elkarlanean bertso bazkaria egingo dute abenduaren 3an. Amasa-Villabonan ere badute asmoa egun horretarako: «Galtzaundik eskualdeko herri guztietan bingo musikatu bat antolatu du eta batzordetik egun hori osatzeko barrikotea eta Andoni Ollokiegiren kontzertua antolatu ditugu». Bateko eta besteko ekitaldiek, guztiak balioko du 15 egunotan eskualdeko hizkuntza ohituretan eragiteko.
Zizurkil
- AZAROAK 17, GAUR
- 15:30. Herriko hiru ikastetxeetako ordezkariek Euskaraldia hitza zintzilikatuko dute Joxe Arregi plazan.
- Ondoren. Herri argazkia.
- 19:00. Txupinazoa eta txapa banaketa. Zizurkildarrek aukeratutako euskal kantuen zerrenda entzungai.
Aduna
- AZAROAK 18, OSTIRALA
- 19:30. Euskaraldia herri argazkia.
- 20:00. Afari merienda.
- 21:00. Kantu emanaldia Iratzar taldearekin, Elordi plazan.
Asteasu
- AZAROAK 18, OSTIRALA
- 19:00. Garazi San Martinen eskutik bakarrizketa umoretsua udaletxean.
Gaztelu
- AZAROAK 18, OSTIRALA
- 18:00. Euskal Tribial mahai jolasa meriendarekin batera Ostatuan.
- ABENDUAK 2, OSTIRALA
- 21:00. Euskaraldiaren amaiera afaria Ostatuan.
Ikaztegieta
- AZAROAK 18, OSTIRALA
- 21:00. Ostatuan bertso afaria Haritz Mujika eta Eli Pagolarekin.
Irura
- AZAROAK 18, OSTIRALA
- 19:00. Erdaldun berrien kluba bakarrizketa umoretsua Olatz Pagaldayrekin. Ondoren afari merienda.
Orendain
- AZAROAK 18, OSTIRALA
- 17:30. Haurrentzako zinea, udaletxeko ganbaran.
- 18:00. Helduentzako hitzaldia, Zer ikusten dute gaztetxoek pantailetan? Garikoitz Goikoetxea, Uemako teknikariarekin eskutik, udaletxeko areto nagusian.
- AZAROAK 27, IGANDEA
- 14:00. Kantu bazkaria Eltxo elkartean.
Tolosa
- AZAROAK 18, OSTIRALA
- 18:00-20:00. Euskaraldian izena emateko aukera eta txapen banaketa egingo da Zerkausian. Euskaldiko materiala salgai, pintxoak, edariak.
- 19:00. Andoni Ollokiegiren kontzertua Zerkausian.
Amasa-Villabona
- AZAROAK 20, IGANDEA
- 17:00. Batetik bestera Benetan konpainiaren haur antzerkia Gurea antzokian. Sarrera 5 euro.
Anoeta
- AZAROAK 24, ASTELEHENA
- 18:30. Euskara, feminismoa eta beste bidaide batzuk hitzaldia Lorea Agirreren eskutik balio anitzeko gelan.