Elkarrizketa

«Kosta egin da berotzea, baina abiadura hartu eta olatua kolpean hazi da»

Irati Saizar Artola 2022ko aza. 17a, 07:58

Herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzeko helburuarekin dator hirugarrenez Euskaraldia; prest daude ‘ahobizi’ eta ‘belarriprest’-ak eta prest dago eskualdea ere.

Bihar hasiko da Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko 15 egun iraungo dituen ariketa masiboa. Galtzaundi Euskara Taldea aritu da Tolosaldean guztia antolatzen, eta hori koordinatzeko ardura izan du Galtzaundiko Imanol Artola Felix-ek.

Prest duzue guztia?

Ez da asko falta, eta lan handia daukagu oraindik egiteko. Azken egunetan datozen eskaerei erantzuten ari gara, egin beharreko gehiena egin dugulako, baina beti daude azken orduko gauzak lotzeko. Geldirik egoteko astirik gabe gabiltza. 

Eskualdea prestatu da ariketa egiteko?

Aurten kosta egin da berotzea, martxa hartzea, baina azken hiru asteetan bat-batean hasi da mugitzen. Egunetik egunera, herrietatik eta entitateetatik datozen eskaerak ikusita, abiadura handia hartu du eta olatua kolpean hazi da.

Aurreko bi edizioekin alderatuta, nolako Euskaraldia dator?

Oraindik ez dugu izan Euskaraldia sanorik. Lehen edizioa lehen edizioa zen, oraindik ez genekien zer zen, zer ez zen, eta udan, festa guztietan Euskaraldia presente egoten saiatu ginen. Bigarrena pandemia bete-betean egin genuen, maskararekin, herritik atera ezinik, tabernak itxita, elkarteak ireki gabe, sei pertsona baino gehiago elkartu ezinik... aldarte horretan pasa genituen hamabost egunak. Beraz, aurten Euskaraldi normalxeago bat izatea espero dut.

Parte hartze daturik baduzue?

Datuak ematea oso zaila da momentu honetan. Aurreko Euskaraldiekin alderatuta, azken asteetan izen emateak dezente baxuago joan dira, baina bat-batean gora eta gora doa eta ia aurreko edizioetako datu antzekoetan gabiltza. Izan ere, pasa den astean txapak banatzeko hitzordu asko izan dira eskualdeko herrietan; aurten lehen aldiz, eskualdeko herri guzti-guztietan jarri dute txapak banatzeko egun bat gutxienez, eta oraindik herri batzordeko kideak eskuz jasotako izen emateak transkribatzen ari dira. Beraz, ezin jakin zenbat ahobizi eta belarriprest izango ditugun bihar.

Hori bai, adin tarteei dagokienez, oso parte hartze handia ari da izaten denetan; 55 urtetik beherakoetan, batez ere. Alderdi horretatik poza hartzen dugu, belaunaldi berrietara ere iristen ari garelako. Gero, betikoa, izena eman dutenen artean bi heren emakumeak dira. Izan emakume, izan gizon, gazte, heldu zahar, norbere ohituretan aldaketa txiki bat egin nahi badu, Euskaraldia izan daiteke horretarako aukera. Ez da aukera bakarra, baina bada aukera masibo bat, ikusgarritasun handia ematen zaion aukera. 

Aurten ere indar berezia jarri duzue ariguneetan, entitateetan. Zer moduzko mapa osatu duzue Tolosaldean?

Aurreko ariguneen kopuru bertsuak eman du izena aurten ere. Merkataritza da arigune gehien sortu dituen sektorea, ia hiru arigunetatik bat da komertzioena, %28 gutxi gorabehera. Gero, hezkuntza, administrazioa, ostalaritza, finantza erakundeak, industria izango genituzke. Aurten ahalegin berezia egiten saiatu gara industrian; entitateen %5a industria izatea bada zerbait. Arigune kopuruari dagokionez ez dira asko, baina arigune horietan dauden kideen kopurua dezente da. Merkataritzan, esaterako, bi edo hiru pertsonako arigune asko daude, eta aldiz enpresa baten barruan jende asko kabitzen da. 

Batzordeetatik edo Galtzaunditik aritu zarete entitateekin lanean?

Herri batzordeetako jendea boluntarioa da. Eta boluntarioei ezin diegu asko eskatu, mimatu egin behar da borondatez lanean ari den jendea, hurrengo Euskaraldian ere egon dadin. Herri batzordeekin bildu eta ikusi dugu zein entitateetara joateko prest dauden, eta joan ez diren horietara joan da Galtzaundi.

Bada oraindik, beraz, euskararen alde borondatezko lana egiteko prest dagoena.

Bai, eta asko gainera. Batetik, batzordeak daude, eta horien lana ezinbestekoa da. Erabakimena uzten saiatzen gara, baina guztia erabakitzen ere ez diegu uzten. Askotan jendea lanerako, ekintzarako prest dago, baina jendeak nahiago du esatea zer egin behar duen eta gusturago egingo du, ez gaudelako batzuetan hausnarketarako prest. Aurten, urrats berri bat eman dugu: aurreko bi Euskaraldietan izena eman zutenei mezu elektroniko baten bidez formulario bat bidali genien, ekintza zehatzak identifikatu eta izena ekintza zehatz horietarako emateko. Esaterako, herri txikietan txapak banatzeko, pankartak egiteko, pankartak pegatzeko, kaleak apaintzeko, ariguneen euskarriak banatzeko... horietako bat aukeratu zezaketen. Eta 50 boluntariotik gora apuntatu dira.

Bestetik, Galtzaundin, 2017an Tolosatik eskualde osora zabaltzeko prozesua eman zen, baina zer da benetan euskara elkarte bat eskualdekoa izatea? Uste dut aurtengo Euskaraldia ari dela horri erantzuten. Herri txiki batean ez badago giharrik eta ez badago herri batzordea osatu lezakeen talderik, eskualdeko beste euskaltzaleak prest agertu dira herri horretara joan eta txapak banatzeko. Iragan asteburuan, izan dira modu horretara lan egin den herri batzuk. Herri horietan zalantza genuen, batzorderik ez eta, ea txapak jasotzera etorriko ziren, eta egia esan izen emate dezente izan ditugu. 

Euskaraldiko egunak nola bizituko dira eskualdean?

Ikusi egin behar. Herri bakoitzaren arabera ezberdina izango da. Lehen eguna, ostirala, kaos bat izaten da Galtzaundiko bulegoan. Ezin izaten dugu txapak banatu ez den beste ezer egin, baina tira, hasiera emateko ekitaldiak egingo dira han eta hemen, eta asteburuan zein Euskaraldi amaieran beste hainbat ekintza ere izango dira. Finean, ordea, eguneroko ohiturak aldatzean datza Euskaraldiak, beraz, beti ez dago zertan festa egin. 

Eta ondorengo egunetan zer datorkizue?

Euskaraldiaren biharamuna Euskararen Eguna izango da. Egun horretarako, Galtzaundik urtero eskaintzen die nahi duten herriei  bakoitzak bere herrian jarduera bateratu bat egiteko aukera. Aurten, euskarazko bingo musikatu bat antolatu dugu, euskal kantak oinarrian izango dituena. Eta hurrengo egunetik aurrera normaltasunean jarraitu beharko dugu. Badakigu 15 egunek ez dutela kristoren iraultza ekartzen, baina hor jarraituko dugu, inurri lanetan. Eta balorazioak egiten hasiko gara jarraian. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!