ELKARRIZKETA

«Bonberenea ez da edozein toki eta ilusio berezia egiten digu guztioi»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko aza. 18a, 07:59

Oihana Garaialde alegiarra eta Mentxu Aiertza tolosarra dira Hidden Garden musika taldeko bi kide. E. MAIZ

Talde hasiberria da Hidden Garden Band, eta bertako kide dira Oihana Garaialde (Alegia, 1987) eta Mentxu Aiertza (Tolosa, 1975). Hugo eta Pablo Casuso amezketar anaiak eta Alberto Yusta andoaindarra dira boskotea. Gaur, Tolosako Bonberenean eskainiko dute kontzertua, eta entsegu gehiago egin dituzte azken asteetan kontzertua behar bezala prestatzeko. Gainera, diskoa grabatzeko lanetan ere ari dira.

Hidden Garden musika taldea hasiberria da, eta gaur kontzertua eskainiko du Tolosako Bonberenean, 22:00etan; kideak gogotsu daude zuzenekoetarako, eta dagoeneko diskoa grabatzekotan dira.

Nolatan sortu da Hidden Garden taldea?

Oihana Garaialde. Pablo eta Hugo Casuso bi anaiak hasi ziren, eta taldeko bateria eta gitarra jotzaileetako bat dira. Musika munduan sartzen hasi ziren, eta Hugok eta nik eskolatik betidanik ezagutzen dugu elkar; batera joaten ginen musika eskola berera. Tartean sartu nintzen eta hirurok hasi ginen cover batzuk egiten. Ni ikasketengatik kanpora joan nintzen, baina ordurako abesti berri batzuen instrumentalak eginak zeuden, baina ahotsik ez geneukan eta baxurik ere ez zegoen. Proiektu solte bat bezala zen. Eta kanpoan nengoen bitartean Mentxu sartu zen Pabloren bitartez taldera.

Mentxu Aiertza. Nik Pablo anaia ezagutzen nuen, bateria jotzailea. Garai hartan biok ikerkuntzan aritzen ginen. Berak bazekien koruan ibilia nintzela eta kantua gustuko nuela. Halako batean komentatu zidan anaia eta biak aritzen zirela, eta abesti batzuk zituztela. Eta egun batean gonbidapena luzatu zidan probatzera joateko, baina denbora pasa zen. Umea izan nuen, Manchesterrera —Erresuma Batua— joan nintzen bizitzera, bizitzan aldaketak izan ziren eta bakoitzak bere aldetik lanean jarraitu zuen, eta berriz topo egin genuen arte. Aukera eskaini zidan berriz, eta Oihana kanpoan zegoen bitartean abesti horiei melodia eta letrak jarriz hasi ginen, eta Oihana etorri zenerako baxu jotzailea ere bagenuen.



Bosgarren kidea ere fitxatu zenuten.

Aiertza. Garai horretan Iñigo Irurzun zen, eta hasiera batean bostok hasi ginen. Maketatxo bat egin genuen, baina gero Iñigok proiektua utzi egin zuen arrazoi ezberdinengatik eta Alberto Yusta sartu zen baxuarekin. Eta jada gauzak gehiago zehazten ari gara.

Zein urtetan hasi zineten jada boskote formatuan?

Garaialde. Ni 2019an itzuli nintzen Alemaniatik, eta gutxi gorabehera orduan izan zen. 2020an grabatu genuen maketa.

Aiertza.. Jada pandemia zegoen, eta nola hala grabatu genuen.

Guztiek ez zenuten elkar ezagutzen.

Aiertza. Elkartzen garenean gustatzen zaiguna da musika jotzea eta egitea. Eta nik pertsonalki bai botatzen dut faltan horretaz aparte beste kideak gehiago ezagutzea, baina azkenean toki ezberdinetan bizi gara, eta oso egoera pertsonal ezberdinak dauzkagu. Behintzat musikak elkartzen gaitu eta gustura gaude jotzeko elkartzen garenean. Pixkanaka ari gara elkar ezagutzen.

Garaialde. Prozesua poliki doa; izan ere, elkartzen garenean jotzeko da. Helburua hori da. Diskoaren grabaketako asteburua izan zen lehen aldia mahaian lasai elkarrekin bazkaldu, musikatik harago hitz egin, bakoitzaren gustuak, nondik zatoz, zer egiten duzu... Hori polita izan da eta prozesuaren parte.

Gaur egun ere denok ez zarete eskualdean bizi. Nola moldatzen zarete entseguetarako?

Aiertza. Oihanak ditu arazo gehien.

Garaialde. Ni Algortan bizi naiz, eta ez naiz etortzen astero entseguetara, baina konpromisoa hartu nuen bi astez behin etortzeko, eta bi astez behin elkartu eta jotzeko. Beraiek noizbehinka gelditzen dira gehiagotan.

Aiertza. Niri gustatzen zait astero elkartzea, abeslaria naiz eta gainerakoan ez dut tarterik hartzen kantatzeko. Entsegura joan eta taldearekin abestean, orduan da gehien disfrutatzen dudana. Orduan nahiago dut horretarako elkartu. Oihana datorrenean beti saiatzen gara elkartzen, eta bestela ere bai, baina batzuetan ezinezkoa da.

Beste talderik izan duzue, edo zuen lehenengo esperientzia da?

Garaialde. Hugo eta nik musika eskolako akordeoi banda batean parte hartu genuen, eta jendearen aurrean jotzeko gure lehenengo esperientzia musikala hori izan zela esango nuke. Baina gaur egun egiten dugunarekin ez dago konparaziorik. Gaur egun egiten duguna gehiago gustatzen zaigu eta gure gustuetara datorren estiloa da. Baina pertsonalki eszenatoki batera igotzeko aitzakia bezala esperientzia polita iruditu zitzaidan.

Aiertza. Nire aldetik ez. Koruren batzuetan egon naiz, baina oso amateur moduan eta noizbehinka kontzerturen bat. Ezer berezirik gabe.

Mentxu Aiertza: «Ea laster diskoa grabatzen hasi eta udaberrirako esku artean izateko moduan garen»



Musika gustuko duzue.

Garaialde. Horrek elkartzen gaitu.

Zein motatako musika egiten duzuela esango zenukete?

Aiertza. Taldea Hugo, Pablo eta Oihanak abiatu zuten, eta beti esaten dute rock alternatiboa egiten dugula. Baina hori ere nola definitzen duzun niretzat oso zaila da esplikatzea. Maketa badugu, diskoa grabatu nahi dugu eta proiektu berriak ere buruan edo gogoan ditugu, eta agian pixka bat ezberdinak dira. Guztietan gitarra dago, orokorrean nahiko melodikoa da, eta rocka da.

Sorkuntza lanean aritu zarete.

Aiertza. Hori da. Badira abesti batzuk aurrerago begira sortzen ari garenak. Horietan agian taldeko beste kide batzuk gehiago parte hartu dugu. Lehenengoak batik bat Hugok eta Pablok instrumentalki sortuak dira. Gogotsu gaude diskoarekin jartzeko eta hori atera, eta ikusiko dugu. Gauza berrietara ere irekiak gaude.

Garaialde. Dinamika aldatzen ari da. Hasieran agian esango dugu Hugok ekartzen zuela abestiaren %70a eginda, eta horren gainean taldean amaitzen genituen abestiak. Eta orain, Mentxuk berak edo beste norbaitek ekarri dezake ideiaren bat, eta ideia berri horiekin ari gara kantuak sortzen.

Zuzenean jotzeko aukerarik izan duzue?

Aiertza. Behin, pandemian ginela oraindik froga moduko bat egin genuen Irurako industriagunean, pabiloi batean. Eta pertsona jakin batzuk baino ez genituen gonbidatu, ez zegoelako aukerarik jende gehiegi elkartzeko. Esperientzia horren ondoren Amarozko bizilagun elkarteak gonbidatu gintuen beraien kultur astera. Azkenean iazko abenduan beharrean maiatzean izan zen pandemiagatik atzeratu behar izan zelako. Hor jo genuen lehen aldiz, irekian, oholtza baten gainean, soinu probak eginda, argiak...



Nolako esperientzia izan zen?

Garaialde. Oso positiboa. Uste dut denok nahiko urduri geundela kontzertu profesionalago bat ematen genuelako, baina aldi berean ilusioz beteta ginen.

Aiertza. Nik banuen gogoa horrelako gauzekin hasteko, eta agian beste batzuk gogoa baino beldur gehiago zuten. Eta orain uste dut gogo gehiago sartu zaigula denoi, eta esperientzia berri horien bila goaz.

Duela aste gutxi Tolosako 3 tabernan jotzekoak zineten. Pena bertan behera geratu zelako?

Aiertza. Kontzertu horrekin gora eta behera ibili ginen. Beraiek eskaintzen zizkiguten datetan beti norbaitek ezin zuen, eta kosta zitzaigun eguna jartzea. Plazan, kanpoan jotzea zen ideia, eta arazoak dituzte bizilagunekin edo bizilagunen batekin. Hurrengo kontzertuak ikusita ondo egongo zen beste esperientzia bat izatea edo aukera izatea, baina ez zen posible izan.

 

Oihana Garaialde: «Beldurrarekin, baina oso gogotsu gaudela esango nuke; ni behintzat gogo askorekin nago»



Gaur bertan Bonberenean ariko zarete, eta ez da edozein oholtza. Gogotsu zaudete?

Garaialde. Nik uste dut guztiok beldur pixka batekin gaudela. Maiatzean Amarotzen jo izanak pixka bat lagundu digula esango nuke. Momenturen batean aipatu zen Bonberenean jotzeko aukera Amarotzen jo aurretik, eta lehena Bonberenean izateak sortzen zigun halako ezinegon bat. Inoiz zuzenean jo gabe horrelako oholtza batera igotzea... baina aldi berean horrelako aukera bati ezin zaio pasatzen utzi. Guztiok egon gara bertan, eta talde askori gustatuko litzaioke bertatik pasatzea. Beldurrarekin, baina oso gogotsu gaudela esango nuke, edo ni behintzat gogo askorekin nago.

Aiertza. Bonberenea ez da edozein toki eta hemen gainera gehienok Tolosaldekoak garela ilusio berezia egiten digu guztioi. Oso eskertuta gaude aukera hau eskaintzegatik.

Nola lotu duzue kontzertua?

Aiertza. Bere burua eskaini zuen lagun bat dugu kontzertuak eta lotzeko, eta saiatzeko esan genion. Bonbereneako kontzertu hau lortu zuen, 3 tabernakoa ere bai, eta oraingoz, jotzeaz aparte ez daukagu bestelako azpiegiturarik. Edo ez dugu pentsatu ere egin zer gustatuko litzaigukeen. Non jo edo zer egin ez dugu asko antolatuta.

Aurrera begira, baduzue beste kontzerturik lotuta?

Garaialde. Bai. Abenduaren 17an Alegiako Gaztetxean joko dugu. Hau da, nire bigarren edo hirugarren etxean. Nire herrian da, eta niri pertsonalki ilusio handia egiten dit eszenatoki horretara igotzeak. Beti behetik ikusi izan ditut kontzertuak, eta beti giro ona izaten da. Gainera azken urteetan soinu aldetik kalitate oso ona eskaintzen dutela iruditzen zait. Ekipo berriak eta erosi zituzten eta oso pozik nago bertan jotzeko aukera dugulako.

Ez da edozein oholtza hori ere.

Garaialde. Ez, niretzat ez behintzat.

Aiertza. Ezta besteontzat ere.

Nola dago diskoaren kontua.

Aiertza. Maketa bat dugu dagoeneko Seed izenekoa. Nahi duenak Youtuben edo Bandcamp-en entzungai du eta Hidden Garden Band jarri beharko du. Diskoan abesti berriak egongo dira noski, eta ez dakit maketakoak berreskuratuko ditugun edo birmoldatu. Ag8st8 Estudioseko Iban Martin arduradunarekin grabaketa egitekoak gara. Ea laster hasi eta udaberrirako esku artean izateko moduan garen.

Letrak zuek idazten dituzue?

Aiertza. Bai, letrak gureak dira. Oraingoz ingelesez gehienak, hau da, maketakoak eta diskokoak ere bai, baina hurrengo proiektuetarako jada badauzkagu euskarazko bi. Oihanaren abestiren bat ere badago hortik. Musika estiloarekin askok esan izan didate Erresuma Batuko pub batean pinta bat edaten daudela irudikatzen dutela. Agian, estiloa hori delako oraingoz abestiak ingelesez dira. Baina hori aldatu daiteke eta ikusiko dugu nola ateratzen diren letrak etorkizunean.

Garaialde Letrak gehienbat Mentxu eta Pabloren artean pentsatuta daude. Pablori filosofia edo abestiaren gairen bat sortzen zaio buruan, eta hori helarazten dio Mentxuri. Bien artean hitz egin, eta magia. Letra hor dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!