Euskal Herriko txorizo egosi onena, Tolosako Arozena harategiarena

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 15a, 11:59
Argazkiak: Urola Kostako Hitza

Larunbatean, Euskal Herriko VIII. Txorizo Egosi Lehiaketa jokatu zen Azpeitian; Ibarrako Joxe Mari Barriola harategia hirugarren izan zen.

Bizkaiko, Nafarroako eta Gipuzkoako 27 harakinek parte hartu zuten. Ohi baino beranduago eman zuten txapelketaren irabazleen berri; izan ere, bigarren postuan berdinketa izan zen, eta atzeratu egin zen sari banaketa. Lehen saria Tolosako Arozena harategiarentzat izan zen, bigarrena Donostiako Arteaga harategiarentzat, eta hirugarrena, Ibarrako Joxe Mari Barriola harategiarentzat.

Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa zinegotziak, Ainhoa Maiztegi Gipuzkoako Harakinak elkarteko kideak eta Ederto harakin elkarteko Maria Luisa Odriozolak banatu zituzten sariak. Aurtengo txapelketaren epaimahaia honakoek osatu zuten: Arantxa Arregi, Beatriz Larrañaga, Jesus Mari Deba, Mikel Uria eta Ederto elkarteko ordezkaria.


Txorizo egosi txapelketaren irabazleak txapela eta Mikel Sanjuan tailugileak egindako garaikurra jaso zituen. Bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, Azpeitiko Udalaren garaikurra jaso zuten. Txapelketan parte hartu zuten harakinek diploma bana ere eskuratu zuten, eta horien guztien artean asteburu pasa ere zozkatu zuten. Horrez gainera, txapelketan lehen hiru postuetan sailkatu ziren harakinei datorren urtean Azpeitiko plazan txorizoa saltzeko postua jartzeko aukera eskaini zieten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!