Atzo arratsaldean Durangon jokatu zen saioan erabaki zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako bigarren fasean abestuko duten bertsolarien taldea. Fase honetan, finalaurrekoetako lehen fasean puntuazio gehien lortu duten hemezortzi bertsolarik abestuko dute. Eskualdeko bertsolariei dagokienez, Oihana Iguaran amasarra eta Aitor Mendiluze irurarra izango dira bertan, Donibane Garazin eta Durangon irabazita, hurrenez hurren.
Finalaurreko bigarren fase hau azkena izango da eta fase honetan puntuazio gehien lortzen dituzten zazpi bertsolari pasatuko dira finalera. Maialen Lujanbio izango dute zain, abenduaren 18an, Iruñean, jokatuko den final handian.
Bigarren itzuliko finalaurrekoen agenda:
- Azaroaren 19an, Amurrion: Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Alaia Martin, Miren Artetxe, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita.
- Azaroaren 26an, Baionan: Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Unai Agirre.
- Abenduaren 3an, Bilbon: Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Saioa Alkaiza.