Tokikomek bere bazkideak saritu ditu, azken hamar urteetan egindako bidearen omenez

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 11a, 16:00

Tokikom Sariak banatzeko ekitaldia egin dute Arantzazun. Argazkiak: Tokikom

Tokikom Toki komunikabideen bateraguneak, Tokikom Sarien zazpigarren ekitaldia egin du gaur Oñatiko ArantzazuLABen; komunikazio proiektu osoak saritu dituzte, tartean, Tolosaldeko Ataria.

Tokikomek bere bazkide guztiak saritu ditu, taldea ofizialki eratu zenetik hamar urte bete berri direnean, eta parte hartzaile guztiek sorpresaz hartu dute, izan ere, orain arte kazetaritza lan zehatzak saritu izan dituzte. Modu honetan, «elkarrekin egindako bidea ospatu eta aldarrikatu» nahi izan dutela adierazi dute gaur egindako ekitaldian. Tokikom eratzeko erabakia hartu zuen Euskaltzaleen Topagunetik hasita, iaz taldera batu zen Begitu hamabostekarira, saritu guztiek sorpresaz eta atseginez hartu dute gaur jasotako omenaldia.

Tokikomeko IKT eta Komunikazio zuzendariak, Joxe Rojasek azaldu duenez, «perspektiban jarrita, espero genuena baino askoz ere gehiago aurreratu dugu Tokikom martxan jarri zenetik. Aurrerapen hori, oinarrian, bazkide guztiek denbora honetan egindako ahalegina eta bultzadari esker izan da, eta iruditu zaigu gaurkoa aukera ezin egokiagoa zela ahalegin eta lorpen horiei benetan duten meritua aitortzeko».

Sariak banatzeaz gain, gaurko ekitaldian errepaso azkar bat eman zaio Tokikomen historiari 10 urte, hamaika ahots ikus-entzunezkoaren bidez. Erreportaje labur hori hurrengo egunetan egongo da ikusgarri Tokikomeko webgune guztietan. Baina iraganari baino, etorkizunari begiratzeko eguna zen gaurkoa. Bazkideak eurak protagonista izan diren mahai inguruetan, Tokikomek talde gisa hurrengo urteetarako dituen erronkak izan dira mintzagai. «Handienetako bat Tokikomen beraren izaera eraldatzea da», esan du Alaitz Artolazabal zuzendari nagusiak. «Gure hausnarketa estrategikoan onartuta daukagu Tokikom komunikabide talde izatetik komunikazio talde izatera pasatu behar dugula, eta horren inplikazioak zehazten joan behar dugu pixkana-pixkana».

Finantzazio formula berriak

Bigarren erronka handi bat taldearen zein osatzen duten komunikabideen finantzazioan datza. Tokikomeko presidenteak, Iban Arantzabalek, bi ildo nagusi azpimarratu ditu: «Alde batetik, munduko beste komunikabide guztiek bezala, formula berriak bilatu behar ditugu gure komunitatearen sostengua handitzeko: kidetza formula berriak sortu, produktu berriak eskaini, harreman estuagoa garatu tokian tokiko merkatariekin... Eta bestetik, diru laguntza publikoen gaian ere, erakundeekin azken urteetan landutako akordioetan sakondu eta formula berriak adostera jo beharko genuke, betiko laguntza lehiakorren eskematik atera eta hitzarmen egonkorragoak lortu, oraingo laguntzen ziurgabetasunarekin amaitzeko».

Gaurko ekitaldia barrura begirako ariketa bat izan da, bazkideen gogoak eta espektatibak sinkronizatzeko saiakera bat, baina ez da izango Tokikomek hamargarren urteurrenarekin lotuta egiten duen ekitaldi bakarra. Datorren astean bertan, Tokikomeko dozena bat lagunek osatutako taldea Bartzelonara joango da, ACPC- Associació Catalana de Premsa Comarcal elkarteak bere 40. urteurrena ospatzeko antolatutako topaketetara. Gainera, Tokikomek aurreratu du 2023an jardunaldi publikoak antolatuko dituela, Europa mailako tokiko komunikabideen errealitatea eta erronkak hizpide.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!