Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2022

Indarkeria matxistari sozialismoaren bidetik aurre egiteko jarduerak antolatu ditu Itaiak

Ataria 2022ko aza. 10a, 07:58

Tolosaldeko Itaia antolakunde sozialistak eskualde osoari begirako egitaraua prestatu du, azaroaren 25era bitartean.

Azaroaren 25a gerturatzen ari den neurrian, Tolosaldeko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak egitaraua prestatu du datozen asteetarako. Indarkeria matxistaren inguruan hitz egin, hausnartu, testuinguruan jarri eta girotu egin nahi dute, azaroaren 25erako deitu duten manifestazioan parte hartzeko. Tolosako Triangulotik abiatuta egingo dute manifestazioa, 18:30ean. 

Bihar hasi eta manifestaziora arteko egunetan film proiekzioa, hitzaldia, defentsa fisikoko tailerra eta hausnarketa espazioa prestatu dituzte. Antolakundeak maila nazionala duen arren, eskualde mailan ere antolatuta daudela argitu du Garoa Lizartza Tolosaldeko Itaiako kideak, eta egitarauari «zabalpena emateko», Alegia, Ibarra, Tolosa eta Villabonan antolatu dituzte jarduerak.   

Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean erabiliko duten leloa Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki! izango da. Lizartzak azaldu duenez, «indarkeria matxistaren normalizatze bat ekarri dute etengabe areagotzen doazen baliabide birtualek». Gehitu du gizarte kapitalistaren baitan, «ezinezkoa dela indarkeria matxistarekin amaitzea, burgesiari beharrezkoa zaiolako kapitalismoak daukan dinamika horrekin aurrera egiteko, nolabait, funtzio jakin bat betetzen duen zapalkuntza delako». 

Aurre egiteko «gaitasun eta interes errealik» ikusten ez dutenez, «indarkeria matxista normalizatzen duen gizartearen eraldaketa bat» proposatzen dute, «eraldaketa sozial bat, emakume langileontzat babesa antolatu, erasotzaileei aurre egin eta nahitaezkoak diren baliabideak sortzeko». «Indarkeria matxista gainditzeko sozialismoaren eraikuntza da azken helburua, zapalkuntzek lekurik ez duten gizarte eredua», gehitu du Lizartzak.

Asanblada irekiak 

Norabide horretan, indarkeria matxistaren asanbladak jarri zituzten martxan iaz, eta momentu honetan, Tolosan eta Ibarran jarraitzen dute elkartzen. «Asanblada irekiak dira, gure irakurketarekin bat egiten duen edozein emakumerentzat irekiak, gaiaz hausnartu, baliabide ezberdinak sortu, edozein erasoren aurrean protokoloak sortu, indarkeria matxistaren norabidea aztertu edota gure artean antolatzen joateko sortu ditugunak».  

Egitaraua

  • Azaroak 11, ostirala
    • 18:00. 7 minutos filmaren proiekzioa eta hausnarketa, Alegiako zinean. 
  • Azaroak 12, larunbata
    • 11:30. Hitzaldia: Indarkeria matxistarekin amaitzeko hartu beharreko norabideaz, Tolosako kultur etxean.
  • Azaroak 19, larunbata
    • 11:00. Defentsa fisikoko tailerra eta luntxa, Villabonako frontoian. Izena eman beharko da sare sozial bidez.
  • Azaroak 20, igandea
    • 18:00. Emakume Langileon Eskola: Oh Gu Hemen!, indarkeria matxistaz hausnartzen, Ibarrako Txontxon. 
  • Azaroak 25, ostirala
    • 18:30. Manifestazioa, Tolosako Triangulotik. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!